GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Abadiñoko sokatira taldea izan da nagusi bai Euskal Herriko, bai eta munduko txapelketan ere

Abadiñoko sokatira taldea izan da aurtengo Euskal Herriko talderik onena. Mutiletan jokatzen diren etxeko lau txapelak irabazi ostean, Italiako Munduko Txapelketara itxaropentsu joan ziren, eta ez zuten hutsik egin. Parte hartu zuten bi pisuetan urrezko domina lortu zuten.

p044_f01_47845.jpg

Jon LEUNDA

Abadiñoko sokatira taldearentzat urtea biribila izan da. Errege izan baita Euskal Herrian, bai eta Munduko Txapelketan ere. 560, 600, 640 eta 680 kilotan lehiatu dira Euskal Herriko Txapelketan, eta denetan txapela jantzi dute. Mundukoan, berriz, 560 eta 600 kilotan hartu dute parte, eta bietan urrea kolkoratu dute.

Azken hamar urtetan 39 txapel lortu dituzte, eta hiru urrezko domina Munduko Txapelketan. Hori guztia lortzeko, ordea, lana beltz egin behar da, eta gauza asko utzi behar izaten dira. «Txarrena gosea izaten da. Hemen pisuan sartu behar da, eta hor mantendu behar da. Kirolari bakoitzak pisu bat izaten du, eta hortik ezin da pasatu. Beraz, asko entrenatu eta gutxi jan, hori da eginbeharretako bat», dio Edu Mendizabal taldeko entrenatzaileak.

Izan ere, kirolari profesionalen bizimodua egiten dute, baina ordaina ez da bera izaten. «Egunero entrenatzen da denboraldian zehar. Baina pisuan mantentzeko, askotan aurretik korrika ibiltzen gara, eta batzuk etxera joandakoan bizikletan ere bai. Hori dena egin, eta jogurt bat edo fruta bat jan eta lotara, eta hurrengo egunean lanera. Diru aldetik, berriz, askotan jarri egin behar izaten da», esan du Mendizabalek.

Hala ere, hau dena lortutakoan, merezi duela onartzen du entrenatzaile bizkaitarrak: «Egia esan, denboraldian asko sufritu behar da, baina hau dena lortutakoan, konturatzen zara merezi duela», dio. Gazteek ere erantzun ona ematen dute, Euskal Herrian tiralaririk gehien dituenetakoa baita Abadiño. Aurtengo lehiaketan, bi talde plazaratu dituen talde bakarra izan da. «Hori poztekoa da. Sokatira ez da batere erraza, baina oso giro ona daukagu. Gero, denek dute tiratzeko aukera, eta horrenbeste garaipen lortzeak ere laguntzen du», onartu du bizkaitarrak.

Ongi egindako lana

Denboraldia bikaina izan da. Euskal Herrikoan ez dute aurkaririk izan, baina horrek berak sortzen zizkien zalantzak Munduko Txapelketari begira: «Egia esan, Euskal Herrikoan eroso aritu gara. Orduan ez genekien Munduko Txapelketan zer aurkituko genuen. Maila ona eman eta emaitza onak lortzea espero genuen, baina ez genekien noraino hel gintezkeen. Azkenean, parte hartu dugun bi mailatan urrea lortu dugu. Amaiurrek ere oso lan ona egin du, pisu batean zilarrezko domina ere lortu baitzuten», esan du Eduk.

Herrian ere babes handia dutela onartzen du, baina gaizki ohitu dituztela uste du. «Egia esan, herrian babes handia daukagu, eta hori poztekoa da. Kontua da, gaizki ohitu ditugula. Azkenaldian dena irabazi dugu, eta orain irabaztea eskatzen digu jendeak, baina gustura gaude denekin».

Oraingoz aurtengo denboraldia amaitu dute. Lurrean ez dira aterako, eta tiralariek atseden hartuko dute. «Goma eta lurra egitea gehiegi da. Asko eskatzen du, eta sakrifizio guztiaz gain, geuretzat ere ez zaigu denborarik geratzen. Beti egiten dugun moduan amaitu dugu denboraldia, eta udazkenean itzuliko gara lanera», iragarri du Mendizabalek.

Datorren urteari begira oraindik ez da horren inguruan pentsatzen hasi ere: «Egia esan, une honetan galdezka hasiko banintz, seguru ez genukeela talderik ere izango. Orain jendeak lasai egon nahi du. Batzuk mendian ibiliko dira, beste batzuk korrika, triatloia egiten duenik ere badago, eta beste batzuek, besterik gabe, parranda. Uda amaitzen denean, berriro bilduko gara, eta orduan hasiko gara lanean», bukatu du Abadiñoko entrenatzaileak.

Dudarik gabe, berdeak atseden lasai hartzeko moduan daude. Euskal Herriko kirol talderik onenetakoa da, egindakoa handia izan da, baina segur aski beraiek baino gutxiago egin duen talderen batek edo bestek izango du ospe gehiago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo