Xabier Izaga Irakaslea
Buruketak
Gaur arratsaldean batzuk euskal hezkuntza sistemaren alde kalera ateratzen diren bitartean, beste batzuek, protesta horiek eragiten dituztenek, hain zuzen, probetxuzko zerbait egin dezaten, pare bat buruketa jarriko diet.
Blokeak, fronteak, poloak... denetatik prestatzen ari dira Patxi Lopezen Gobernua botatzeko. Eta, hala ere, hara gobernu hori noraino den demokratikoa non lehenengo aukeran Jose Antonio Agirreri eman dion Gernikako Arbolaren gurutzea. Horretan geratu izan balitz, analisirako tartea ez zatekeen alderdietako eledunen eta omenduaren ondorengoen adierazpenetatik harago joango. Baina Patxi Lopezen aholkulariek behin eta berriz hanka sartzen duten modu berean (egingo nuke inoiz gaizkiulerturen bat izan dela, esate baterako «dedikatu poesiara» esan ziotenean, eta berak kasu egin), joan den larunbateko omenaldiaren aitzakian hiru edo lau boto gehiago lortzeko bidea ikusi eta Agirrerena gobernu eredugarri gisa gogoratzeko esan zioten nagusiari. Eta halaxe egin zuen Lopezek, Agirreren Gobernuak egoera ezinago zailean indar demokratiko guztiak biltzeko gaitasuna izan zuela nabarmenduta. Izan ere, Lopezen eredu hark indar abertzale eta ezkerreko guztiak bildu zituen: EAJ, PSOE, PCE, Izquierda Republicana, Union Republicana... eta EAE-ANV. Argi dago, beraz, Lopezena Agirrek hasitako katearen katebegia dela. Buruketa: Aldeak alde, talde haiek gaur egun nolabait ordezkatuta daudela kontuan izanda, gaurko zer indar politiko ez zegoen gobernu hartan ordezkatuta? (Laguntzatxo bat: garai hartan barrikadaz -alegia fronteaz- bestaldean zegoen). Eta zein indarrekin, eta bakarrik zeinekin, adostua da Lopezen Gobernua?
Bigarren buruketa: Euskal herritar batek Baionako geltokian Tolosako trena hartu du. Familiak egun hartatik haren berri ez dakienez, desagertzea salatu du. Non abiatuko zenuke ikerketa? Eta nora joko zenuke hamaika hilabete geroago? Kontuz, ordea, ez baita ematen duen bezain erraza. Izan ere, Baionako fiskalak ez du ezer ulertzen.
Zer esan horretaz? Ez dut esan nahi dena esanda dagoela, dena esan gabe dagoela baizik. Gehienetan bezala, egunen batean egia jakingo dugu beharbada. Egia tristea, nolanahi ere.
Laguna gogoan, besarkada adoretsu bat sendiari.