GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

«Liberté»?

Gure herriak frantziar eta espainiar estatuei aspaldi egin dien galdera mahai gainean dago, oraingoz ere: prest daude bide demokratiko eta baketsuetatik jarduteko? Erantzuna, besteak beste, Tolosako gorputegian dago

Bilboko manifestazioaz idazteko asmoa neukan, biziki inportantea baita bestelako eskolaren alde mobilizatzea, baina nola baztertu Jon Anzaren tragedia? Haren gorpua agertu ondotik, estatuen propaganda tresna guziak abiatu dira, orain arte ezkutatu duten afera lau haizetara zabaltzeko. Helburua, estatuen eskuak garbitzea eta joko zikina salatzen dugunon kontra jotzea. Areago, Jonen oroitzapena urratu nahi dute, gertatu zaionaren arduradun bilakatuz. Burua galdu zuela sinestaraziz.

Gauza asko daude argitzeko. Ez dituzte argituko, berriz. Ez dituztelako argitu nahi. Zalantzak zabalduko dituzte, arrastoak lohiaz bete nahi izanen dituzte, gertatutakoa jakin ez dezagun. Beren bertsioa idatziko dute eta haien bazka irensten duten guziek errepikatuko dute. Estatuen indarkeria justifikatzen duten guziek lanari ekin diote jadanik. Izan ere, estatuen krimen guztien gibelean, kazetari-intelektual-politikari ustel asko baitaude, gezurrak zabaltzeko prest. Lan zikinaren beste atal bat betetzeko.

Ederki dakigu nola aritzen diren espainiar eta frantziar estatuak euskal militanteen aurrean. Ikasi dugu zer den haiendako askatasuna, zer diren giza eskubideak. Zer den, finean, demokrazia. Estatu arrazoiak dena gainditzen du. Estatuen arteko elkartasun zitalak dena zikintzen du, dena usteltzen du. Estatuendako helburuek edozein bitarteko justifikatzen dute. Haiek dute zilegizko indarkeriaren monopolioa. Haiek nahi dutena egiten ahal dute eta ongi dago, haiek zintzoak direlako, onuragarria baita zintzoek gaiztoei edozer egitea.

Jon Anzak ez du biktima izena merezi. Sufrimenduaren monopolioa eskuratu nahi duten horiek, zilegizko malkoen monopolioa aldarrikatzen duten horiek baztertu dute dagoeneko Jon Anza. Bere familiak eta lagunek ez dute negar egiteko eskubiderik. Eta kito! Desagerturik zegoen, orain argitu da arrazoi naturalengatik hil zela, akabo istorioa! Bertsio hau sinesten ez duen oro susmagarria izanen da. Afera honetan ere, isiltasun eta gezur harresia eraikiko dute, estatuen indarkeria kasu guztiekin egin duten moduan.

Ez dakit inoiz jakinen ote dugun Jon Anzarekin gertatutakoa. Azken hilabeteetan zabaldutako ideiak ez ziren burubero batzuengandik sortu. Frantziar Estatuak berak zabaldu eta ezkutatu zituen, une berean, agian denak ez baitzeuden ados gertatutakoa ezkutatzeko borondatearekin. Norbaitek uste du frantziar Gobernuak ez duela espainiar Estatuari argipenak eskatzeko biderik? Norbaitek uste du frantziar Estatuak ez duela jakin nahi izan zer gertatu zen? Ez dut nik esanen giza eskubideen ikuspegitik egin duenik; baina, zalantzarik gabe, egin du. Estatuek astakeria asko bideratzen ahal dituzte, beraiek edota beste batzuek eginik. Baina estatuek ez dute onartzen beste estatuek beren menpeko lurraldean beraien baimenik gabe zerbait egitea. Beste gauza bat da nola konpontzen dituzten beren arteko afera hauek. Haien ikuspegia ez da herriarena, bestelakoak baitira beren interesak.

Gure herriak frantziar eta espainiar estatuei aspaldi egin dien galdera mahai gainean dago, oraingoz ere: prest daude bide demokratiko eta baketsuetatik jarduteko? Erantzuna, besteak beste, Tolosako gorputegian dago.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo