GARA > Idatzia > Euskal Herria

Arriaga parkearen defentsan bihar egingo den giza katean parte hartzeko deia luzatu dute

Zuriñe ETXEBERRIA | GASTEIZ

SOS Arriaga Parkea plataformak parkearen aldeko giza katea antolatu du biharko. Hala, Andres Illana eta Guillermo Perea elkarteko kideek, hiriko birika berde garrantzitsuenetarikoa den parkea defendatzeko beste ahalegin bat gehiago egiteko eskatu zieten atzo gasteiztarrei. Izan ere, inguruotan eraiki nahi duten geltoki intermodalarekin eta orain astebete adostutako trenbidearen lurperatzearekin «zeharo» kaltetuko litzateke Arriaga parkea.

Horrenbestez, bihar eguerdiko hamabietan Latinoamerika plazak eta parkeak bat egiten duten lekura bertaratzeko deia zabaldu zuten atzo plataformatik. Bilduko diren gune horretatik parkean barrena abiatuko direla eta «ahalik eta giza katerik handiena» egiten saiatuko direla aurreratu zuen Illanak.

Horrez gain, geltoki intermodalaren kontra aurkeztutako alegazioen kopuru zehatza jakitea lortu dutela ere ezagutarazi zuen Pereak. Guztira, 434 alegazio jaso ditu Gasteizeko Udalak. Azaldu zutenez, alegazio horietatik 20 hainbat elkartek aurkeztu dituzte, eta gainontzekoak norbanako hiritarrek. Perearen aburuz, alegazioak aurkezteko oso denbora gutxi izan dela kontuan hartuta, erantzun izugarri positiboa eman dute bizilagunek.

Plataformaren izenean Illana eta Pereak aurreratu zutenez, Udaleko Hirigintza Batzordean bizilagunek aurkeztutako arrazoibideak azter daitezen eskatuko dute. «Alegazioak erantzute hutsaz gain, batzordean horiek eztabaidatu beharra dago», nabarmendu zuen Pereak.

Bestalde, orain dela hilabete batzuk PSEk eta EAJk eraiki nahi duten geltoki intermodalaren kontra 9.000 sinadura bildu zituztela ere gogoratu zuen SOS Arriaga Parkea plataformak. Hala, sinadura horiek ezin direla «ahaztu» nabarmendu zuen Illanak.

«Mesfidantza»

Plataformako kideek PSE eta EAJ alderdiengan «mesfidantza» ere agertu zuten. Izan ere, plataformaren ordezkariek salatu bezala, «Lazcozek zuzendutako udal taldeak ez du gaiaren inguruko eztabaidarik piztu nahi eta EAJk bere interesen aldeko kontsultak defendatzen ditu soilik». Gogoratu behar denez, iazko abenduaren 18an geltoki berri baten inguruko herri galdeketa egiteko proposamena aurkeztu zen Gasteizko Udalean, baina PSE eta EAJren botoak nahikoak izan ziren prozesu parte hartzaileari ezetz esateko.

Atzokoan, beste behin ere, 34 elkartek osatzen duten SOS Arriaga Parkea plataforma prozesu parte hartzaile bat abian jartzearen alde agertu zen. Ez hori bakarrik, Udalak aurkeztutako proiektuaren aurrean beste alternatiben gaineko «fundamentuzko» eztabaida egitea beharrezkotzat jo zuen.

Biharko antolatu duten ekimenaren ondoren, «gero eta indar handiagorekin» mobilizatuko direla ere aurreratu zuten Illana eta Pereak. Hala, aurki manifestazioa bat antolatuko dute, oraindik data zehazteke dagoen arren; bitartean, atxikimenduak jasotzen hasiko dira.

Geltokiaren eraikuntzak kaltetuko lukeen auzoan herri galdeketa bat egiteko aukera ere buruan du SOS Arriaga Parkea plataformak. Bien bitartean, Udalak aurrera jarraitzen du bere proiektuarekin. Horren erakusle, Udalak geltokia eraikitzeko behin-behineko lehiaketa publikoa ireki duela aurreratu zuen atzokoan Pereak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo