GARA > Idatzia > Mundua

Pedofilia akusaziopean den Alemaniako Elizak aita santuaren «babesa» jaso du

Ustezko pederastia kasuek eragindako zurrunbiloa gori-gorian dela, Alemaniako Gotzainen Batzarreko lehendakaria, Robert Zollistch artzapezpikua, Vatikanoan izan zen atzo aita santuari gertatutakoaren berri emateko. Bertan, Benedikto XVI.ak bere «babesa» adierazi zion.

p027_f01_199x116.jpg

GARA

Benedikto XVI.a aita santuak Alemaniako Gotzain Batzarreko buru den Robert Zollistch apezpikua hartu zuen atzo Vatikanokoan. Zollistech berak adierazi zuenez, Joseph Ratzingerrek bere «babesa» helarazi zion ustezko pederastia delituak direla-eta une larriak igarotzen ari den Alemaniako Elizari.

Ratzingerrek eta Zollistch monsinoreak 45 minutuko batzarra burutu zuten Vatikanoan ateak itxita. Ustezko pedofilia delituek sortutako eskandaluak, aita santuaren anaiak, George Ratzingerrek, 30 urtez zuzendu duen Ratisbonako abesbatza bat ere zipriztindu du. «Alemanian publikoki barkamena eskatu eta gero, hemen ere, Erroman, gauza bera egin nahi dut orain», nabarmendu zuen monsinoreak.

Zollistchek nabarmendu zuenez, aita santua «hunkituta» dago gertatutakoa ezagutu eta gero. Era berean, azaleratutako gehiegikerien aurrean gotzain alemaniarrek sentitzen duten «harridura» helarazi zion monsinoreak aita santuari. Horrez gain, gertatutakoaren inguruan «argia egin dadin» eskatu zuen, «biktimen eskubidea baita».

Benedikto XVI.ak adierazitako «sostengua» eskertuta, prelatuak honakoa baieztatu zuen: «Iraganeko zauriak ixteko bidean aurrera egin dezakegun ziurtasuna daukat, etorkizunean errepika ez daitezen». Jarraian, dagokien «erantzukizuna onartzeko prest» daudela gaineratu zuen Zollistechek.

Europa mailako arazoa

Europa iparraldeko zenbait herrialdetan eliza katolikoa krisi sakonean murgilduta dago apaizek ustez burututako sexu erasoak direla-eta. Zenbait kasutan, Irlandan adibidez, Elizako goi arduradunek luzaroan ezkutatu dute gertatutakoa.

Urtarriletik, 70eko eta 80ko hamarkadetan Alemaniako eskola eta barnetegi katolikoetan emandako haurren aurkako sexu erasoen akusazio ugari izan dira, Berlineko Gobernuaren haserrea eraginez. Justizia Ministerioak ikerketak oztopatu dituen «isiltasunezko horma» eratu izana ere leporatu dio Vatikanoari. Salatutako kasuek Alemaniako 27 elizbarruti katolikoetako 19ri eragin diete eta Elizak jazotakoa argitzeko konpromisoa hartu du, «baita preskribitutako kasuetan ere».

EZTABAIDA

Argia ikusi duten pedofilia kasuek eztabaida behartu dute Elizaren baitan. Salzburgoko artzapezpikuak berak onartu duenez, «Elizak bere buruari galdetu behar dio bizitza estilo hau manten dezakeen edo aldatzeko beharra duen».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo