GARA > Idatzia > Ekonomia

Patronalarekin bildu ostean astelehenean ere jantokietan greba egitea erabaki dute

LAB, ELA, UGT eta CCOO atzo bildu ziren EAEko eskola jantokiak kudeatzen dituzten enpresekin eta langileen aldarrikapenei ez dietela erantzunik eman adierazi zuten. Datorren asteartean bilduko dira berriro.

Amaia ZURUTUZA | DONOSTIA

Datorren astelehenerako Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako eskola publikoetako kudeaketa zuzeneko jantokietan LAB, ELA, UGT eta CCOOk deituta zuten greba deialdiak bere horretan jarraitzen duela adierazi zuten atzo lau sindikatuek. Atzo bertan jantokietako zerbitzua eskaintzen duten enpresekin bilera izan ostean erabaki zuten sindikatuek datorren asteko greba deialdia mantentzea.

Hala ere, gatazkaren konponbidea gertuago egon daitekeela adierazi zuen LAB sindikatuak. Izan ere, atzoko bileran patronalak negoziaziorako egutegi bat aurkeztu zien sindikatuei. LABek egutegia onartu duela azaldu zuen eta, behin eta berriro esan duen moduan, negoziaziorako borondatea dagoen bitartean sindikatua beti bertan izango dela gaineratu zuen, «betiere gure aldarrikapenak aurrera eramateko helburuarekin».

«Patronalaren erantzuna ikusita uste dugu azken urtean eskatzen ari garen negoziaziora iristeko aukerak egon daitezkeela», gaineratu zuen LABek. Hala ere, sindikatuek mahai gainean jarri duten proposamena negoziatzeko patronalak ez duela oraindik borondate irmorik erakutsi azaldu zuen sindikatu abertzaleak. Horregatik, «beste behin», deitutako grebekin jarraitzeko beharrean daudela adierazi zuen, «oraindik ez baitugu eskatzen ditugun aldarrikapenen inguruko erantzunik jaso».

Horiek horrela, LABek asteleheneko grebarekin bat egiteko deia luzatu zuen, datorren asteartean berriro patronalarekin duten bileran gertatuko denaren zain. Hala nola, bilera horretan negoziazioak desblokeatu eta gatazkaren konponketan aurrera egiteko aukera egon litekeela adierazi zuen.

ELAk, berriz, Lakuako Gobernuak gatazkari emandako erantzuna datorren asterako gutxieneko zerbitzuak handitzea izan dela salatu zuen. Ostean, neurri horren aurkako helegitea jartzea aztertuko duela aurreratu zuen.

Zazpi enpresa

Lakuak 460 jangela inguruko zerbitzua eskaintzeko azpikontratatuta dituen zazpi enpresek -Auzolagun, Magui, Gastronomia Baska, Gastronomia Cantabrica, Cocina Central Goñi, Eurest eta Tamar Las Arenas- eta sindikatuek asteartean egingo duten bileraren ostean erabakiko dute langileek asteazkeneko greba mantentzen duten edo ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo