GARA > Idatzia > Ekonomia

Manifestazio jendetsua egin dute Altsasun Gamesako langileei babesa adierazteko

GARA

Ehunka lagunek manifestazioa egin zuten atzo Altsasun, Gamesak bertan duen lantegia ixteko asmoa agertu duela-eta protesta egiteko. Mobilizazioa enpresa komiteak deitu zuen arren, langileekin batera Altsasuko eta Sakanako hainbat herritarrek parte hartu zuten, lanpostua gal dezaketen 150 lagunei beren elkartasuna agertzeko.

Izan ere, egoera gordina da Gamesako langile horientzat, urte hauetan guztietan egindako lana oso eraginkorra izan den arren, datuek eta enpresaren irabaziek nabarmen uzten duten gisa. Iragan otsailaren 25ean Gamesako zuzendaritzak Altsasuko lantegia ixteko asmoa agertu zuen, eta, ostean, enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen Madrilen. Aldiz, langileek argi utzi dute hasieratik ez daudela amore emateko, eta otsailaren 25etik bilera ugari egin dituzte hainbat eragilerekin.

115 milioiko irabaziak 2009an

Altsasuko planta itxiko zuela adierazi zuen egun berean, Gamesak iaz 115 milioi euroko irabaziak izan zituela azaldu zuen. Gainera, 2008an inoiz baino irabazi gehiago izan zituen, eta azken hiru urteotan 655 milioi jaso ditu orotara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo