Berezkoak
Waltari-Etxeto faborito direla abiatuko da Saran Binakako Txapelketa
Jon LEUNDA
Berezkoen Binakako Txapelketa abian jarriko da gaur Saran, eta aurtengoa, gainera, lehiaketa berezia izango da. Izan ere, aurrelehiaketa bat egon zen aldez aurretik, ia-ia ezkutuan egin zena. Ondoren aurkezpen ofiziala egin zuten; aldiz, ez zuten inolako egutegirik aurkeztu eta lehiaketa bera nolakoa izango zen ere ez zuten azaldu. Atzo egin zuten hori. Gainera, aurten, bikoak ere zozketa bidez aukeratu dituzte, eta horrek grazia gutxi egin die pilotariei.
Gaur, 18.30etatik aurrera Saran lehen partida jokatuko da, eta bertan Bielle eta Harizmendi Ibarrolaren eta Ducassouren aurka neurtuko dira. Faborito garbirik ez du partidak.
Bille eta Harizmendi azkenaldian partida asko elkarrekin jokatuz dabiltza, eta hori mesede izango da txapelketaren hastapenerako, oso garrantzitsua baita puntu batekin hastea.
Hala ere, Ibarrolaren sakea oso garrantzitsua izango da gaurkoan, hasierako jokaldiarekin asmatzen baldin badu triskantza handia eragin baitezake. Ibarrola, gainera, azkeneko bi urtetako txapelduna da Ozafrainekin batera. Aurtengoan, bietako batek gutxienez txapelik gabe geratu beharko du.
Armendarize
Bihar, 17.00etan hasita, bigarren partida jokatuko da Armendarizen. Oso erakargarria izango da gainera: Waltari eta Etxeto, lehiaketa irabazteko faborito nagusiak, Sorhueten eta Ozafrainen aurka neurtuko dira. Kubatarra eta lapurtarra dira faborito, baina beste bikoa ere oso indartsua da, eta txapela lortzeko faboritoen artean daude.
Txapelketan bost biko ariko dira, eta lehen fasean denek denen aurka jokatuko dute. Lehen bikoa zuzenean sailkatuko da finalera, eta bigarrenak eta hirugarrenak finalerdi bat jokatuko beharko dute.