Ander Erasun gaztea Etxalarren egongo da aizkorako eta korrikako apustu mistoa egiteko aurkariaren zain
Jon LEUNDA
Ander Erasun gaztea apustua jokatzeko gogoz dago, eta asmo horrekin bota zuen desafioa pasa den asteburuan. Aurtizko gazteak edozeini jokatuko lioke bi lanetara. Hasteko, hamar kana-erdiko ebaki, eta, ondoren, hamar kilometro korrika egin.
Erasunen asmoa apustua maiatzaren erdialdera jokatzea da, beraz, hemendik bi hilabetera. Hala, norbaitek berarekin hitz egin nahi baldin badu, gaur 20.00etatik aurrera Etxalarren egongo da, Etxalarko Bentan. Jokatu beharreko dirua, eta gainerako xehetasunak gaurko bileran zehaztuko lirateke.
Nafarrak aurtengo denboraldian apustu bat egiteko bigarren ahalegina izango du. Aurrekoan desafioa Aizpururi luzatu zion, baina nuarbetarrak ez zion erantzun, eta apusturik gabe geratu zen. Oraingoan, aldiz, bakarren baten aurka jokatzeko itxaropen osoa dauka.
Dudarik gabe, apustuak berriro ere modan jarri dira, eta hori baieztatzeko azkeneko apustuetan izan den jende kopuruari erreparatzea besterik ez dago. Udazkenean Larretxeak eta Mindegiak jokatu zutenean jendetza handia batu zen, eta azken hilabete honetan jokatu diren bietan ere jendetza handiak izan dira. Hilabete honen bukaerarako ere Mendizabalen eta Olasagastiren arteko apustua iragarrita dago.
Marka saiakerak
Atzo bertan eman ziren ezagutzera hilabete honetan egingo diren bi marka saiakera. Biak egun berean eta leku berean izango dira. Aian izango da martxoaren 27an, 22.00etatik aurrera. Bertan, Miren Urkiolak 132 kiloko zilindro zaharra erabiliko du, eta Idoia Etxeberria 100 kiloko kubikoarekin arituko da.
Bestetik, Emakumezkoen Euskal Herriko Txapelketa noiz izango den ere iragarri da, eta hori ere Aian izango da maiatzaren 16an. Kirolari bakoitzak 88 kiloko zilindro zaharra, 70 kiloko kubikoa eta 63 kiloko bola erabiliko ditu. Izena emateko epea zabalik dago, eta azkeneko eguna apirilaren 16a izango da. Parte hartu nahi dutenek 94 681 81 12 telefono zenbakira deitu behar dute.