GARA > Idatzia > Kultura

Aurtengo Bilbao Ars Sacrum jaialdiko kontzertuek emakumea omenduko dute

Bilboko eliz musikaren jaialdiak «Emakumea, Ama, Oinazea» izango du aurten goiburu. Martxoaren 26tik apirilaren 1era bitartean, Remedios Amayak eta Christoph Speringek hartuko dute parte, besteak beste.

p051_f01_148x132.jpg

GARA | BILBO

Bilbao 700 fundazioak antolatzen duen Bilbao Ars Sacrum (BAS) jaialdia Aste Santuari aurreratuko zaio aurtengoan. Martxoaren 26tik apirilaren 1era bitartean, eliz musika kontzertuak izango dira hainbat eszenatokitan: Arriaga antzokian, Gizakundearen Andra Mari elizan, eta inauguratu berri den Campos Eliseos antzokian. Aurtengo edizioak emakumeak kristau tradizioan izan duen papera azpimarratu nahi du eta «Emakumea, Ama, Oinazea» goiburu hartuta omenaldia eskainiko dio.

A. Caldararen «Maddalena ai piedi di Cristo» lanarekin abiatuko da jaialdia. Stefano Montanari izango da musika zuzendaria, Bilbao 700 fundazioaren eta III Millenium fundazioaren ekoizpen honetan. Kontzertua Arriaga antzokian izango da, martxoaren 26an.

Hurrengo egunean, Christoph Spering entzutetsuak zuzendutako Chorus Musicus Köln abesbatzaren eta Das Neue Orchester orkestraren eskutik «Stabat Mater» lana entzuteko aukera izango da Gizakundearen Andra Mari elizan.

Campos Eliseos antzoki eraberritura egingo du salto jaialdiak 28an. Bezperako koru berbera arduratuko da Joan Sebastian Bachen «Pasioa, San Juanen arabera» lan ezaguna interpretatzeaz. Kasu honetan, bigarren bertsioa eskainiko dute.

Flamenkoari tartea

Remedios Amaya flamenko cantaorea igoko da martxoaren 29an Campos Eliseos antzokiko oholtzara. «Ama Birjinarentzako flamenkoa» deituriko ikuskizuna eskainiko du Sevillako abeslari ezagunak.

Siziliako Palermo hiritik iritsiko da martxoaren 30ean Ditirammu konpainia. Gizakundearen Andra Mari elizan eskainiko dute, kasu honetan, «Il Martorio» programa. Hurrengo egunean, berriz, Sveta Zlata Meglenska eta Mazedoniako emakumezkoen ganbera korua izango dira leku berean. Letka Dimovska Polizovak zuzenduta, «Pazkoetako kontzertua» lana eskainiko dute.

Jaialdia ixteko, Stefano Molardik zuzenduta, A. Scarlattiren «La vergine addolorata» izango da entzungai I Virtuosi delle Museren eskutik.

Antzoki berria

Campos Eliseos antzoki eraberrituak jaialdiko hainbat kontzertu hartuko ditu, horien artean Remedios Amayarena eta Christoph Speringek zuzendutakoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo