GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kronika | IV. Gipuzkoa Encounter

«Etxean ohituta daude, baina esaten didate ez nagoela burutik sano»

Gipuzkoako informatikaren jaialdi erraldoiak ateak zabaldu zituen atzo Tolosako Usabal kiroldegian. Aurretik 72 ordu dituzte Interneten mugarik gabe aritzeko. Guztia, baina, ez da begiak pantailaren aurrean izatea, film eta film artean lagunak egiteko aukera baitago.

p016_f01_84027.jpg

Oihane LARRETXEA

Pantaila handiak, txikiak, zapalak, txuriak, arrosak edo gardenak, milaka eta milaka kable, luzeak, amaigabeak... eta dir-dir egiten zuten argi gorriek, urdinek eta txuriek. Gipuzkoako IV. Encounterrak ateak ofizialki 12.00etan ireki zituen arren, parte-hartzaile ugari ostegun gauean bertaratu ziren Usabal kiroldegira, ordenagailuak muntatu eta lo zakuak eta kanpin dendak jartzera. «Ladies and gentlemen, konektatuta zaudete!» oihuaz eman zuen Joseina Etxeberriak konektatzeko baimena.

Guztira 400 parte-hartzaile baino gehiago hurbildu dira aurtengo ediziora. Euskal Herriko leku guztietatik, baita esaterako, Bartzelonatik ere. Bakoitzak bere ordenagailua eraman du Tolosara, baina horrez gain, bazegoen aulkia ere berea zuenik: «Autoan neu bakarrik etorri naiz. Janaria, lo zakua, ordenagailua, eserlekua eta gainerako trasteekin, ez zitzaidan ezer gehiago sartzen autoan», azaldu zuen Aitorrek.

Etxean bezala sentitzeko ez dago txapinak janztea baino gauza aproposagorik, hala pentsatzen zuen behintzat Iker bergararrak: «Etxean bezalaxe, eroso-eroso!», baieztatu baitzuen. Ilara batzuk aurrerago, kaleko arropa janztea ahaztuta-edo, oraindik pijama urdina soinean zuen mutil batek «zer lotsa eta zer lotsa-ondo!», esanez, nagiak ordenagailu aurrean atera zituen.

Ia lorik egin gabe zeudenak gosaria lekutan zuten, eta bereziki eskertu zuten bertan banatu ziren babarrunak. «A zer-nolako gaua pasatuko dugun, goxo-goxo!», zioen neska batek barreka, ilaran zain zegoela.

Babarrunak dastatu bai, baina bestelako janari eta edaririk ez zen falta. Patata frijitu poltsa, zuku, pipa, gaileta, patata tortilla eta ogitartekoek mahaiak estaltzen zituzten. Bereziki deigarria zen zenbatek hautatu zuten, beste edari freskagarriekin batera, esna mantentzen laguntzen duten edariak: «Hemen ez dugu tarterik siestarik egiteko, hori gauean egin behar da, bestelakoan pantaila aurrean jolasean edota filmak ikusten egongo naiz», aitortu zuen mutil batek.

Zerbitzu anitz

Tolosakoa Euskal Herrian ospatzen den partyetako bat izan arren, gazte askok nabarmendu zuten baduela besteen aldean berezitasunik. Esaterako, Usabal kiroldegia hiru egunetan itxi, eta soilik Encounterreko parte-hartzaileek erabiltzen dutela. Bertan dituzte dutxak, igerilekuak eta spa zerbitzuak, nahi adina erabiltzeko. «Hiru lagun etorri gara -dio Naroak-. Koltxoneta ekarri dugu eta janaria ere ez dugu falta. Zubia igarotzeko beharrezkoa dugun guztia dugu». «Goizean jaiki garenean -gaineratu zuen-, gosaldu, eta spara joan gara. Hori da party honek duen alderik onena. Honi esker ez dugu zertan etenik gabe ordenagailu aurrean egon. Aspertu edo nekatzen garenean, bainutxo batekin freskatu eta berriro bueltatzen gara gure eserlekura», amaitzen du.

Elkarrizketak eta taldekako solasaldiak ere nonahi ikusi ziren. Askoren ustetan hori da beste berezitasunetako bat. «Ni bakarrik etorri naiz -zion Markinako Alainek-, baina hau txikia da, eta horri esker azkenean elkar ezagutzen dugu. Hemen ez dago Barakaldon bezalako artxibo aldaketarik erabiltzaileen artean, baina horren kontra gure artean harremanak sortzen dira. Nik esaterako gustukoagoa dut honakoa», gaineratu zuen.

«Arraroak gu?»

«Jendeak kanpotik hala pentsatzen duen arren, ez gara pertsona arraroak, zaletasunak guztiok baititugu», esaldia maiz errepikatu zen atzo gazteen ahotan. «Etxean ohituta daude, burutik sano ez nagoela esaten didate, eta kitto!», azaldu zuen barreka Aitorrek. Zentzu horretan Alainek gaineratu zuen «badakigu jendeak pentsatzen duela frikiak garela, baina hemen gauden guztiak zaletasun berberak elkartzen gaitu».

Laura bartzelonarra ados agertu zen azken honekin, eta azpimarratu zuen «alferkeria eta gauza lasaia» dirudien arren, azkenerako «nekagarria» suertatzen dela ordenagailuaren aurrean ordu luzez aritzea.

Nekagarria izan edo ez, orduek aurrera egin zuten eta han inork ez zuen atsedena hartzeko asmorik azaldu. Kontrakoa baizik. Aurrekoarekin edo albokoarekin konfiantza handitzen joan zen eta pixkanaka taldeak sortu ziren joko ezberdinetan lehiatzeko. Horretan hasi aurretik ordea izan zen, beroaren eraginez aurpegia gorrituta, lagunei ezinbesteko baldintza jarri zienik. «Hori baino lehen bainu bat hartuko diagu ba!».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo