GARA > Idatzia > Euskal Herria

Independentistak sareak Aberri Egunean parte hartzera dei egin du Baionan

Apirilaren 4an «Nazioa gara, estatua behar dugu» aldarrikapenarekin izanen den Aberri Egunean parte hartzeko deia zabaldu zuen atzo Independentistak sareak. Ekimena jendetsua izan behar zuela esanez, bertan parte hartzeko 6.500 lagunek deitua zutela gogoratu zuten.

p013_f02_199x116.jpg

Ainize BUTRON

Independentistak mugimenduaren berri eman zuten Baionan atzo, eta apirilaren 4rako Hendaia eta Irun artean «Nazioa gara, estatua behar dugu» lelopean antolatu duten Aberri Egunean parte hartzera dei egin zuten.

Ekimeneko partaide Ixabel Etxeberriak eta Maite Goienetxek independentzia XXI.mendean aukera politiko «erreala eta gaurkotasun osokoa» dela nabarmendu zuten bertan. «Gaur egun Europan estatu berriak sortzen dira inongo arazorik gabe. Horren adibide da, datorren azaroan Eskoziak berak izango duen independentziari buruzko herri galdeketa», adierazi zuten.

Alde horretatik, Independentistak mugimenduko kideen ustez, Euskal Herriak soilik nazio independente izanik lortuko du bere «historia, kultura, hizkuntza, ingurumena eta etorkizuna Europan eta munduan aintzatetsia izateko» aukera.

Nolanahi ere, hori lortu arte «bidea luzea» izanen dela ohartarazi zuten. «Badakigu frantziar eta espainiar legediek ez dutela onartzen independente izateko eskubidea», esan zuten. Horiek horrela, abertzale, independentista eta aurrerakoien «indar metaketak» soilik emanen du Paris mugiarazteko aukera, beren hitzetan. 2010eko Aberri Eguna abertzale eta independentistak «batu eta gure aldarria kaleratzeko» parada bikaina izango dela nabarmendu zuten Goienetxek zein Etxeberriak. «Aurtengo Aberri Egunak jendetsua behar du izan, Irun eta Hendaia artean independentziaren aldeko mugimendu indartsu bat abiarazteko», gaineratu zuten. Atzoko agerraldian, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrei dei egin zieten bereziki.

Hendaia eta Irunen

Hendaiako Herriko Etxean, 11.00etan; hori da hitzordua. Bertan eginen den hitzartzearen ondotik, Gazteluzar frontoitik abiatuko da martxa bat, eta beste bat Irunetik tenore berean. Santiago zubian elkartuko dira biak, eta Ficoban eginen da ekitaldi nagusia. Horren ondotik, mila lagunentzako bazkaria izanen da. «Ziur gaude 2010eko Aberri Eguna historikoa izango dela», esan zuten.

Lanean jarraitu

Aberri Egunaren ostekoak «elkarlanaren garaia» izan behar duela nabarmendu zuten. «Bi estatuei ezin diegu zatiturik aurre egin, lortu beharreko errespetua, onarpena eta independentzia lortzeko», esan zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo