Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com
Obama, berriro heroi-salbatzaile jantzita
[Obamak] Historia egiten ari zela esan zuen, erreforma langileen aldekoa zela eta ez aseguru etxeen mesedekoa, politikaren mugak gainditu dituela eta aldaketa behetik gora egin duela. Diskurtsoak idazten dizkion gazte horrekin nekatzen hasia naiz
Obamaren osasun erreformari buruzkoak agintaldia hasi zenetik entzuten ari bagara ere, aste honetan bertan onartu denez, eztabaidagai izan da komunikabide guztietan. Hobeto esanda, komentatu eta laudatu egin dute, eztabaida gutxi izan baita, nahiz eta AEBetako edozein aferak bertoko komunikabideetako lehen orrietan tokia izan. Baina, askoz hobeto esanda, askok eta askok abagunea demokrazia yankia goraipatzeko aprobetxatu ostean, Obamaren ditxosozko erreforma berton ere (Estatu espainolean, jakina) zenbait erreforma egin beharraz ohartarazteko erabili da segidan.
Erreforma Legea sinatzeko ekitaldian, berriro ere salbatzaile berbekin heroi paperean ondo sartuta agertu zen Obama. Historia egiten ari omen zela, bere erreforma langileen aldekoa zela eta ez aseguru etxeen mesedekoa, politikaren mugak gainditu dituela eta, zelan ez, aldaketa goitik behera baino, behetik gora egin duela. Diskurtsoak idazten dizkion mutil gazte horrekin nekatzen hasia naiz.
Denok dakigunez, Obamaren proposamen nagusia osasun sistemaren erreforma izan da. Denok dakigunez, ez du ibilbide errazik izan eta, bidean zelako aldaketak izan edo izango dituen aparte utzita, hasieratik proposatutakoa ere ez zen inondik ere hurbiltzen osasun sistema publifikatzera. Paper nagusia aseguru etxe pribatuek daukate orain. Historia egitetik oso-oso urrun, nire uste apalean, azken batean. Egia bakarra dago: erreforma onartu behar zen, diskurtso berberaz jantziko zen edozein erreforma.
AEBetako osasun sistema herri industrializatu guztietako garestiena da alde handiz, eta beste inon baino jende gehiago hiltzen zaie egunero alde handiz. Akaso, hobetuko da sistema hori asegururik ez duten batzuk aseguratzera behartuz gero? Arazo nagusia ez da sekula hori izan; asegurua izanda ere, artatzen ez dituztelako hiltzen diren milioika estatubatuarrak baizik. Hau ez da inondik inora politikaren mugak gainditzea. Obamak berak badaki herritar guztiak artatzeko gai den osasun sistema bakarra, sistema publikoa dela eta, gainera, horixe izango litzatekeela kostuak murrizteko modu bakarra. Han «publiko» baino, «ordaintzaile bakarreko» sistema deitzen diote.
Behetik gora egin duela aldaketa dio Obamak. Orduan, zelan azaltzen du herritarren %59k sistema publikoaren alde egitea, %71k sistemak goitik beherako berrikuntza behar duela esatea, %69k pentsatzea Gobernuaren ardura dela sistema unibertsala izatea eta %64 zerga gehiago ordaintzeko prest egotea osasun zerbitzua behar duen orori emateko?
Ezin du azaldu, baina horrek azaltzen du herritarrak zergatik ez zeuden Obamaren erreforma horrekin ados. Nahiz eta ezagupen faltagatik izan dela saldu nahi izan duten. AEBetara begiratu behar da. Horixe da guretzat prestatzen ari diren bidea. Eta, lasai, Obamaren erreformekin liluratuta zaudeten guztiok, Europan ere horrelako erreformak barra-barra ikusten hasi baikara.