GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Desafioa

Mendizabal eta Olasagasti apusturako prest daude

Lau kanako zutik jarrita moztu beharko dituzte datorren igande eguerdian, Tolosako zezen-plazan.

p045_f01.jpg

Jon LEUNDA

Joxemari Olasagasti eta Joxemari Mendizabal datorren igande eguerdian neurtuko dira Tolosako zezen-plazan 12.00etatik aurrera. Lan handia izango dute, bakoitzak lau kanako enbor zutik moztu beharko ditu. Alde bakoitzak 6.000 euro jokatzen ditu dirutan, eta Olasagastik lau minutuko aldea eman dio Mendizabali.

Bi aizkolariak gustura daude prestakuntzarekin, nahiz eta Mendizabalek arazo batzuk ere izan dituen. «Lehenengo erori eta belaunean hartu nuen min, baina behin hori sendatutakoan, pasa den astean gerrian min-sastadak izan nituen. Telebista grabatzera etorri zenean izan zen. Haize handia zebilen, eta uste dut horrek zerikusia daukala. Orain hobeto nago, baina kezka ematen dit», esan zuen Urdiainen bizi den adunarrak.

Lau minutuko abantaila du bere alde Mendizabalek, baina ematen duen bestekoa ere ez da, berak dionez: «Azkenean hauek enbor handiak dira. Kontuan hartu behar da, epaia apur bat nahastuta, edo kolpeak huts eginda, denbora asko gal dezakezula, eta alde hori ez litzateke ezertan geratuko».

Olasagasti ez da iritzi berekoa: «Aldea hartzen duenarentzat ez da handia eta ematen duenarentzat ikaragarria da. Nik lau minutu ematen dizkiot, eta pentsa epaiarekin nahasten banaiz, hor beste lau edo bost minutu galtzeko ez da ezer behar, eta orduan apustua joan zait», dio igeldoarrak,

Izan ere, haren hitzetan, apustuko gakoetako bat mozketan asmatzea izango omen da: «Garbi dago epaia ongi eraman behar dela gero mozterakoan ezusterik ez izateko. Hori asmatzea izango da gakoetako bat», esaten du Olasagastik.

Biek makina bat apustu jokatu dituzte. Olasagasti izango da azkeneko hamarkadan gehien egin dituena, baina jadanik berak ere ez du oroitzen zenbat jokatu dituen: «Asko izan dira, eta egia esan, zenbat izan diren ezin dut esan, ez bainago seguru. Apustuak beste saltsa bat, beste giro bat sortzen du, eta hori ikusi da azkenaldian jokatu direnetan».

Mendizabal, berez, harri-jasotzen hasi zen, eta hor egin zuen lehen apustua: «Uste dut, lehenengoa Gorostidirekin jokatu nuela. Gero harri-jasotzen min hartu nuen, eta aizkorara pasatu nintzen. Aizkoran, berriz, lehenengoa Aierberekin jokatu nuen, eta azkenekoa Olasagastiren aurka, orain dela 20 edo 21 urte».

Izan ere, Mendizabalek aizkora utzi samartua izan du, baina berriro gogoz itzuli da: «Errepidea izan da nire beste gustuko ofizioa, eta kamioiarekin hasi nintzenean utzi nuen aizkora, nahiz eta udan beteranoekin erakustaldiren bat edo beste egiten nuen. Gero, dena gizendu nintzen, eta hura ez zela posible esan nuen, eta berriro aizkoran serio hasi nintzen, eta aurrera jarraitzeko asmotan nabil», azaldu du adunarrak.

Olasagastik eta Mendizabalek elkarren aurka jokatu dituzte jada bi apustu, beti enbor handiekin, eta bakoitzak bana irabazi du. «Hemen garaipena lortzen duenari eman beharko zaio txapela», dio Olasagastik.

Lan handia

Lana ikaragarria da, eta biak bat datoz horretan: «Lau kanako zutik jarrita, nik 36tik 40 kana-erdiko bitarteko lana dela kalkulatzen dut», dio Mendizabalek, eta igeldoarrak ere horrelaxe dela uste du. Lanak amaitzeko zenbat denbora beharko duten esatea zaila egiten zaie, baina Olasagastiren ustez, 90 minututik gora izango da, eta 95era iristea ere ez litzateke arraroa izango. Mendizabal ere tarte horretan dabil, berak ere garbi baitauka 100 minututik aparte ez direla ibiliko. Enborrak txarrak ez direla izango esan du Mendizabalek: «Nik eraman behar ditut, eta enbor handiak eraman behar dira, gero erdian mozteko eta bientzat parekoak izateko. Ez dira pastelak, baina txarrak ere ez».

Lan handia

Lau kanako zutik moztea sekulako lana da; bi aizkolariek egindako kalkuluen arabera, 36 eta 40 kana-erdiko inguru mozteko adinakoa izango da. Horretarako beharko duten denbora 90 minututik 100era bitartean izango dela uste dute biek.

Teknika

Halako lan luze eta berezi bat egiteko eskarmentu handia izan behar du aizkolariak, baita teknika ere, eta biak dira horretan oso trebeak. Garbi dute epaia zuzen eramatea izango dela apustuko gako nagusia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo