Langile gutxiago, baina istripu kopuru berdintsua
Gure inguruko administrazioek iaz lan istripuen ondorioz hil ziren pertsonei buruzko datuen gaineko balorazio positiboa egin dute berriki. Izan ere, datu horien arabera, iaz lanean hildako gutxiago egon zen Euskal Herrian, eta hori poztekoa da, zalantzarik gabe. Jaitsiera horren arrazoiei erreparatuta, ordea, iaz krisiak lan merkatuan izan zuen eragina aipatzea ahaztu zaie arduradun politikoei. Baita krisi horrek batez ere eraikuntzan eragin zuela esatea ere, sektore horretan gertatzen baitira istripu horietatik asko eta asko. Ondorioz, lan istripu gutxiago gertatu dira, akaso, langile gutxiago zegoelako arriskuan. Orokorrean, langileen baldintzak hobetu direnik ezin baita baieztatu. Areago, kontrakoa esateko arrazoiak egon badaude.
Gainera, orain arte, datuek kontrako joera erakusten dute aurten. Hiru hilabetetan 25 langile hil dira, atzo A-8 errepidean lanean ari ziren bi langileak kontuan hartuta. Azken hauen kasuan lan istripuetan ohikoak diren egoerak batu dira: azpikontratazioa eta horren ondorio den prekarietatea. Horrez gain, alor honetan Bizkaiko Aldundiak duen ardura ere nabarmendu behar da, bere eskumeneko errepide bat konpontzen ari zirela hil baitira bi langile horiek. Estatistikari ez, legediari eta hori betetzeari erreparatu behar diote arduradun politikoek lan istripuen tragedia konpontzeko.