Pakistan eta AEBak biak asetuko dituen akordioen bila bildu dira Washingtonen
Pakistango ordezkariak AEBetako Estatu idazkaritzarekin bildu ziren atzo akordio «estrategikoak» lortzeko asmoz. Islamabadek ez du aukera alferrik galtzen utzi nahi eta, hitzarmen militarraz gain, elkarkidetza hori beste arlo batzuetara hedatzen ere saiatuko da.
GARA
Pakistanek eta Amerikako Estatu Batuek, borondatezko baino derrigortutako aliatuek, «elkarrizketa estrategikoak» hasi zituzten, Islamabad horrelako elkarkidetza boteretsuak utz diezazkiokeen onuren zain dela.
Pakistango Kanpo Harremanetarako ministro Mehmood Qureshi eta Armadako buru Ashfaq Kiyani Washingtonera heldu ziren atzo, bertako Estatu idazkari Hillary Clintonekin biltzeko asmoz.
Aipatu ordezkari pakistandarrek AEBetara eramandako eskaera zerrendan arma hornidura da lehenbizikoa.
Bereziki, talibanen aurkako erasoak bere kabuz burutu ahal izateko gidaririk gabeko hegazkinak jasotzea espero du Pakistanek.
Izan ere, 2008ko abuztutik hegazkin horiekin egin diren 90 erasoaldiak AEBk Al Kaeda eta bere jarraitzaileen aurkako borrokan kokatzen badituzte ere, Pakistanek nolabait bere subiranotasuna iraintzen dutela uste du.
Era berean, hitzarmen komertzialak lortzeko itxaropentsu dago Islamabad, bere merkatua, batez ere ehungintza arlokoa, zabaltzeko baliagarri gerta daitezkeenak.
Barack Obamak, bestalde, estatubatuarren aurkako jarrera duten pakistandarrei, bere asmo onak helarazi nahi dizkie, eta, arlo militarraz harago, Islamabadekin harreman luze eta egonkorra eraiki nahi dutela sinetsarazi.
Analisten ustetan, Washingtonen helburua «talibanak boterera itzul ez daitezen eskura duen guztia egitea da, eta Pakistanen helburua, aldiz, Indiaren eragina gutxitzea».
Horren haritik, beste iturri batzuek Islamabadek helburu zibileko proiektu nuklear bat garatzeko akordioa -AEBen eta Indiaren artekoaren antzekoa- lortzea duela xede azaldu zuten atzo.
Erasoaldia
Washingtoneko batzarrarekin batera, Pakistango segurtasun indarrek herrialdeko ipar-ekialdean talibanen aurkako erasoaldi berri bat abiatu dutela iragarri zuten.
Armadako adituek adierazi zutenaren arabera, atzo erasotako eremu hori izan liteke Pakistanen dauden talibanen gordelekua.
Energia nuklearraren inguruko akordioaz gain, Pakistanek Kaxmirreko gatazkan partaide «eraikitzaile» gisa jokatzeko eskatu zion atzo Hillary Clintoni. Orain arte, AEBek uko egin diote bitartekari lana egiteari, Indiak barne gatazkatzat jotzen baitu Kaxmirrekoa.