«Anoetan burua Europan dugula zelairatuko garela uste dutenak oso oker dabiltza»
BIiarritz taldeko entrenatzailea
Jean Michel Gonzalez ilusioz gainezka dago. Urte zaila izaten ari da, batez ere Ligan. Jokalari asko izan dituzte min hartuta, baina osatu dira. Orain, Ligako azken txanpan, final-laurdenak jokatzeko txartela eskuratu nahi dute, eta horretarako Anoetan irabazi beharra dute larunbatean. Europan, berriz, ibilbide bikaina egin dute, eta aurten irabazteko ere aukera ederra dutela uste du Gonzalezek.
Jon LEUNDA
Gonzalez da Biarritzeko taldeko entrenatzaileetako bat. Orain artean ez dute denboraldi ona egin zuri-gorriek, eta entrenatzaileentzat ere urte gogorra izaten ari da. Baina teknikari lapurtarrak dioenez, taldea indartsu heldu da amaierara, eta oraindik gauza on asko egiteko aukerak badituztelakoan dago. Horretarako, larunbatean Anoetan Stade Toulosainen aurkako partida irabazi behar dute.
Zer moduz heldu da Biarritz denboraldiko azken txanpara?
Ongi. Denboraldian lesio asko izan ditugu, eta jadanik talde guztia jokatzeko prest daukat. Hasteko, Liga dugu buruan, eta final-laurdenetan izateko geratzen diren lau partidak irabazi behar ditugu. Europan, berriz, zerbait handia egiteko aukera ederra dugula uste dut.
Ligako final-laurdenetan izateko geratzen diren lau partidak irabaztea ezinbestekoa izango da. Larunbateko norgehiagoka final bat izango da, ezta?
Bistan da. Badakigu derrigorrez irabazi behar dugula. Galtzen badugu, ia aukerarik gabe geratuko baikara. Beraz, jokalariek garbi dute zer egin behar den, final-laurdenen ilusioari eusteko irabazteak besterik ez baitigu balio.
Tolosak Liga erregularra lehen bietan amaitu nahi du zuzenean finalerdiak jokatzeko. Horretarako haiek ere garaipena ezinbestekoa dute. Beraz, zuek ere neurketa gaiztoa izango duzue, ezta?
Bai, bai. Tentsio handiko partida izango da. Beraiek ere lehen bietan amaitu nahi dute Liga, gero zuzenean finalerdietan izateko, eta irabazi egin behar dute. Guk, berriz, gauza bera egin behar dugu final-laurdenetan izateko aukerei eusteko. Bi taldeak zelairatuko gara garaipenaren bila, eta uste dut partida polita izan daitekeela.
Zuek lau partida irabazita ere, sailkatzeko, aurrekoek huts egin beharko lukete, eta zale askoren ustez, jadanik burua Ligan baino Europan duzue. Zuk zer esango zenieke horrela pentsatzen dutenei?
Oker dabiltzala. Garbi dago Europan Ligan baino aukera gehiago ditugula, baina Ligan ere badugu itxaropena, eta orain hori besterik ez dugu buruan. Larunbatean burua Europan dugula zelairatuko garela uste duena oker dabil.
Ligan denboraldi kaskarra egiten ari zarete. Zer gertatu da?
Beno, garbi dago ez garela ongi ari. Zenbakiek ez dute inor engainatzen, baina, aitzakiatzat erabili gabe, aurtengo gure denboraldia lesioek markatu dute. Jokalari asko izan ditugu kolpekatuta, tartean taldean ezinbestekoak diren bost edo sei, eta hori nabaritu egiten da. Gainera batzuk luzaroan izan dira, eta horrek zerikusi handia izan du gure ibilbidean. Hala ere, orain denak osatuta daude, eta itxaropentsu gaude, denboraldi amaiera ona izango delakoan.
Europan, ordea, bestelako bidea egin duzue. Zergatik?
Ezberdina da. Ligak jarraipen bat izaten du, eta Europan, berriz, geldialdiak ere izaten dira, ez dira astero izaten partidak. Gainera, ongi hasi ginen. Ligaxka laburra da eta hasiera garrantzitsua da. Jarraitu ere ongi jarraitu dugu, eta gauzak nahi bezala atera zaizkigu. Aurten, gainera, Europan zerbait handia egin dezakegula uste dut. Lehen fasean onenak izan gara, eta final-laurdenak Anoetan jokatuko ditugu. Haiek gainditzen baditugu finalerdiak ere etxean izango ditugu, eta hura ere Anoetan jokatuko litzateke.
Orain ia bi partida jarraian dituzue Anoetan, eta hirugarren bat jokatzeko itxaropen osoa duzue, ezta?
Horrela da, horrek Europan ere finalerdiak jokatuko ditugula esan nahiko luke-eta. Aurten Heineken Cup irabazteko aukera ederra dugula uste dugu. Final-laurdenak etxean ditugu, eta hori gaindituta, finalerdiak ere bai; finala, berriz, Parisen izango da. Inoiz lortu ez dugun zerbait lortzeko parada dugula uste dut. Geuretzat Parisera joan eta Heineken Kopa irabaztea, plazer handia litzateke.
Anoeta jada zuen bigarren etxe bihurtu da. Taldea gustura sentitzen al da bertan?
Oso gustura sentitzen da taldea bertan. Zelai bikaina da, harmaila ederrak dituzte, eta bete egiten dira. Gu etortzen garenean Hegoaldeko jendea ere erruz etortzen da gu animatzera.
Emaitzak ere oso onak lortu izan ditugu. Uste dut jokatu ditugun partidetan bakarra galdu dugula, eta garbi dago hau dela gure bigarren etxea. Aurten jadanik bat jokatu dugu, Avironen aurka, eta irabazi egin genuen, nahiz eta, jendeak zioenez, Baionakoak faborito izan. Aurten Anoeta erabakigarria izan daiteke. Futbolean Realak Lehen Mailara igotzea lor dezake, eta guk berriz, Ligan urrats bat eman eta Heineken Kopako finalean izatea.