Kristau Eskolak gaztelania oztopatu eta D eredua hobetsi izana ukatu du
Euskararen mesedetan gaztelaniaren aurkako kanpaina egitea leporatu dio PPk Kristau Eskolari. Ikastetxe sareak Legebiltzarrean guztia ukatu du, eta «modu interesatuan erabilia eta epaitua» izan dela salatu.
GARA | GASTEIZ
Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabako 145 ikastetxe ordezkatzen ditu Kristau Eskola elkarteak. Atzo, Legebiltzarrean mintzatu zen, PPk eta Hizkuntza Aukeratzeko Askatasunaren Aldeko Plataformak sarearen aurka jaurti dituzten akusazioak ukatu eta egoera horrek eragin dien «haserrea» adierazteko. Zenbait ikastetxetan, seme-alabek gaztelaniaz ikas zezaten hautua egiten zuten gurasoei, «ustezko presioen bidez», aukera hau alboratzeko iradokitzen omen zieten euskararen mesedetan. Ikasleak D ereduan izena emateko bultzatzen zituztela baieztatzen dute salatzaileek.
Kristau Eskolak Legebiltzarreko Hezkuntza batzordearen aurrean egin zuen agerraldia. Bertan Aitor Bilbaok, sareko zuzendari nagusiak, idatzi bat irakurri zuen zehazki salatzeko aurtengo aurre-matrikulazio epean zehar «erabilia» eta «epaitua» sentitu duela bere burua, «modu bidegabe eta interesatu batean».
Hein horretan gaineratu zuen «alderdi politikoetako talde eta ordezkari batzuen aldetik, errealitatean oinarritzen ez diren iritzi eta deskalifikazioak» jasan behar izan dituztela. Nabarmendu zuenez, «azken hilabeteotan, eta batez ere aurre-matrikulazio garaian, Kristau Eskolak bere burua dilista plater batengatik saldu duela entzun behar izan dugu, baita gaztelaniazko hezkuntza ereduetan eskaera gutxitu dadin kanpaina egin dugula ere».
Bestetik, «errespetua» eskatu zuen Kristau Eskolak ordezkatzen dituen ikastetxe guztientzat. Akusazio zerrenda «luzea» dela adieraziz, Bilbaok batzuk plazaratu zituen: «laguntza publikoak ezeztatzen zaizkiela legea betetzera prest ez dauden ikastetxeei», «aurreko gobernuen menpe dauden estrategiak jarraitzen direla», edota «Kristau Eskolak desinformazio kanpaina bultzatu duela, A eredua eragozteko».
Defendatzeko, argudio anitz erabili zituen zuzendari nagusiak. Horien artean, 145 ikastetxeen hezkuntza proiektuaren inguruan aritu zen. «Gure ikastetxeak anitzak dira, geure gizartea eta geure Euskal Herria diren bezala», plazaratu zuen, hizkuntzei arreta berezia ipiniz. «Gure hezkuntza proiektuetan txertaturik daude hizkuntza planteamenduak. Hizkuntzak, ikasteko eta ezagutzaren sortzaile izateaz gain, kulturaren igorle dira», helarazi zuen. Aldi berean, euskara, Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban hizkuntza ofiziala dela azpimarratuz.
Erreakzioak
Era berean, jakinarazi zuten «politika buruetako inor ez dela gurekin harremanetan jarri, gure jarrera zuzenean ezagutzeko eta horrela informazioak egiaztatu ahal izateko», eta horren harira adierazi zuten « ez dugula inongo salaketaren berririk izan legea edo prozedurak ez betetzeagatik».
Bilbaoren agerraldiaren ostean, alderdi politikoek euren iritziak plazaratu zituzten. Aralarretik, Mikel Basabek defendatu zuen Kristau Eskolak «ez duela tratu ona jaso», eta aldi berean sarearentzat «elkartasuna» eta ikastetxeentzat «errespetua» eskatu zituen.
EAJko Arantza Aurrekoetxeak, adierazi zuen sarea «bere burua defendatu ezinik» izan dela. Bestalde, salatu zuen Lakuak eraso hauen aurrean «berandu eta gaizki» erantzun duela «kaltea hezkuntzara heldu baita».
PPk bere horretan jarraitu zuen. Iñaki Oyarzabalek esan zuenez, «Kristau Eskola orain dela urte batzuk Hezkuntza Sailaren eragile aktibo bilakatu zen» eta «bera izan da onartu ziren hainbat dekretu diseinatu zituena».
Azkenik, Bilbaok «erakundearekiko errespetua eta hezkuntza sistemaren egonkortasuna» eskatu zituen. «Ez gara gu, hezitzaileak, legeak egiten ditugunak»: «Hezkuntza gaietan erabilera interesatuei eta instrumentalizazioei ez erantzuteko eskatzen dugu», bukatu zuen.
Kristau Eskolaren datuen arabera, aurtengo ikasturtean ase gabe gelditu diren eskaerak bi urteko haurretan A, B eta D ereduetan, hurrenez hurren, 26, 222 eta 16 ume dira. Hiru urtekoetan, berriz, 32, 47 eta 12 haur.
Benetako beharren arabera, eta hezkuntza sarean oinarritutako finantzaketa gaindituz, euskal herritar guztientzat aukera berdintasuna eta baldintzak lortzeko eskatu zuen.