GARA > Idatzia > Euskal Herria

Larraulek Legebiltzarrera eraman du herriak Lehen Hezkuntzako ikastetxea izateko proposamena

Larraul_57425.jpg

O.L. | GASTEIZ

Larraulen Lehen Hezkuntzako eskola jartzearen alde, udalerriko Guraso Elkarteak, Hezkuntza zinegotziak eta Xabier Mujika alkateak agerraldia egin zuten atzo Legebiltzarrean. Bertan izan zen Olatz Urraka, Guraso Elkarteko lehendakaria, eta GARAri azaldutakoaren arabera, «oso positiboa» izan zen, hain zuzen, atzoko txostena, legez besteko proposamen gisa aztertuko baitute gaurko Osoko Bilkuran. Alderdi guztiek, PSEk izan ezik, euren atxikimendua azaldu zioten proposamenari. Beraz, «ezusteko handirik egon ezean», baiezkoa aterako da, Urrakaren aburuz.

Legebiltzarrera heldu aurretik bide luzea egin dute herri eta hezkuntza ordezkariek. «Legebiltzarkideen bulegoz bulego ibili ginen, eta lortu genuen nolabaiteko idatzi bat, denen adostasuna biltzen zuena Laurraulen 12 urtera arteko eskola jartzeko».

Hala ere, adostasuna ez zen erabatekoa izan, PSEk ez baitzuen proposamena babestu. «Gobernuan dagoen alderdiak izan ezik, denek sinatu zuten legez besteko proposamena babesten zutela, eta orduan bihar [gaurko egunagatik], proposamen hori eztabaidatu eta bozkatuko dute alderdiek. Batzarrean, beraz -gaineratu zuen-, bakoitzak guri pribatuan azaldu digun jarrera berresteko modua izango da».

«Aurreko Gobernuak onarpena eman zigun Larraulen 12 urte arteko eskola irekitzeko, orain 0 eta 6 urte bitarteko eskola soilik baitugu», argitzen du. Hein horretan Urrakak erantsi zuen 2009ko apirilean ebazpen bat jaso zutela, eta bertan onartzen zela 2010-2011 ikasturterako eraikiko zela orain eskatzen duten eskola propioa, eta «eraikuntzaren inguruan hitz egingo zela hitz egin beharrekoa», zehaztu zuen.

PSEk du azken hitza

«Gerora gertatu dena da PSE sartu dela», dio Urrakak, eta horrekin batera ezezkoa jaso zuten larraultarrek. Hasieran arrazoi ekonomikoak argudiatu zituen Lakuak, eta horren aurrean, Larrauleko Udalak berak, bere gain hartu zituen azpiegiturak ahalbidetzeko ardura, baita bertan egin diren eta egin beharko diren moldaketen aurrekontuak ere. Horiek horrela, Lakuari «soilik» zerbitzuak luzatzea eskatzen zaiola aipatzen du Urrakak: «Dena egina dute, baimena ematea falta dute bakarrik», ondorioztatzen du.

Halaber salatu zuen Hezkuntza Sailak hartutako jarrera, «publikoki eskola txikien alde egiten duten bitartean, pribatuan ez dituzte bitartekoak jartzen hori ahalbidetzeko», azaldu zuen.

Proposamenak Osoko Bilkuran gaur baiezkoa jaso arren, Lakuak ez du betetzeko derrigortasuna. Hor dago, hain zuzen, arazo handiena: «Lortzen dugun babesa handia da, baina azken erabakia beti Hezkuntza Sailak izango du», esanez amaitu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo