GARA > Idatzia > Kultura

Iratxe Esnaolaren «Galerna» plazaratu du Elkarrek, Agustin Zubikarai sariketaren emaitza

Egilea falta zela -Txilen dago irakasle-, Harkaitz Cano, Elkar etxeko Xabier Mendiguren eta Ondarroako ordezkari batek Esnaolaren «Galerna» aurkeztu zuten atzo, Agustin Zubikarai lehiaketa irabazi duena.

p050_f01_148x081.jpg

A. B. | BILBO

«Galerna» Iratxe Esnaolaren (1983, Donostia) lehen liburua da. Egun, Txileko Santiagon irakasle ari da Esnaola, eta orain Elkar argitaletxeak plazaratu berri dion obrarekin Ondarroako Agustin Zubikarai Nobela Laburren Saria jaso zuen.

«Sakontasun bila joatean pertsonaiak amildegi modukoetan daude», adierazi du atzo aurkezpenean egoterik izan ez zuen Esnaolak. Alta, Harkaitz Cano idazlea izan genuen lanaren ordezkari. Donostiarraren esanetan, «drama gisa oholtza gainean zein zine pantailan ondo emango» lukeen lana da «Galerna», «elkarrizketa lehor eta sintetikoekin». Lehertzear dauden bi emakume ageri zaizkigu bertan -edo bertako hotelean- aspaldi lehortu eta erremediorik ez duten bi gizonezko aldamenean dituztela.

Beka bihurtu da saria

«Giro itogarria agertu eta erromantizismoaren antipodetan» den liburuak, «erritmoaren erabilera zehatzez eta tentsioari une oro eutsiz, sentimenduen biluzte ariketa bikaina egin du egileak», Elkar argitaletxeak dioenez.

Bestalde, 2001az geroztik, eta besteak beste, Alberto Ladron de Aranak edo Irati Jimenezek irabazitako Agustin Zubikarai Saria beka bihurtuko da aurrerantzean, Ondarroako ordezkari batek atzo azaldu zuenez.

Aurrerantzean, beraz, amaitutako lanak aurkeztu beharrean egitasmoak aurkeztu beharko dira sariketara, zirriborroa. Eta nobela laburretik eleberrira aldatu da landu beharreko generoa, beti ere aldaketak idazleen onerako izango direlakoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo