GARA > Idatzia > Kultura

Erein eta Donostia Opera Prima narratiba sarien deialdia zabaldu dute

GARA | DONOSTIA

2003. urtean Erein argitaletxeak eta Donostiako Udalak Erein eta Donostia Opera Prima literatura sariak eman zituzten, sariketaren lehen edizioari zegozkionak. Sari horien helburua euskaraz idatzitako literatura bultzatzea da, eta orobat euskal egileak sustatzea. Sariketa bi urtez behin egiten denez, bosgarren saio 2011. urtean egingo da.

Jexuxmari Mujika Erein argitaletxeko presidenteak eta Ainhoa Beola Donostiako Udaleko Hizkuntza Normalkuntzarako zinegotziak iragarri zituzten atzo bi sari horien deialdiak. Lanak Din-A4 formatuan aurkeztu beharko dira eta gutxienez 100 orrialde izan beharko dituzte. Sorkuntzak abenduaren 19a baino lehen bidali beharko dira Erein argitaletxera, eta lanak izenburuaren bidez soilik identifikatu ahal izango dira.

Erein eta Opera Prima

Erein Narratiba Sariak 12.000 euroko diru saria izango du argitalpenetan. Sari horrez gain, Donostia Opera Prima Narratiba Saria jasoko du 2011 urte barruan 35 urte edo gutxiago izan edo narratiba libururik argitara eman gabea dela aurrez adierazi duen idazleak idatzitako lan bikainenak. Saria 4.500 eurokoa izango da eta epaimahaiak lan bakarra edo bi lan saritzeko izango den erabakitzeko ahalmena izango du.

2003an Joxe Belmontek irabazi zuen Erein Saria «Hamar urte barru» lanarekin; urte berean, Aitziber Etxeberriak eta Xabier Etxanizek «Tango Urdina» eta «Koadro Isila» eleberriekin, hurrenez hurren. 2007an Karlos Linazasorok eskuratu zuen Erein Saria «Diotenez» lanarekin, eta Opera Prima Saria bigarrenez eskuratu zuen Etxeberriak «31 baioneta»rekin. 2009an, Joseba Gabilondo eta Xabier Altube izan ziren garaile.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo