Guzmán Ruiz Garro BBK-ko kontseilari orokorra
Parte-hartze kuotak: aurrezki kutxak pribatizatzeko bidea
Gure indar guztiak bideratu behar ditugu aurrezki kutxen ereduak ez dezan antzik ere izan pribatizazioaren aldarrikatzaileek bultzatzen duten horrekin
Finantza krisi berriak saihesteko, nazioartean eskakizun berriak lantzen ari dira finantza erakundeen kaudimena bermatzeko. Baldintzak gogortu egingo dira eta, horren ondorioz, segur aski berezko oinarrizko baliabideak -«core capital» deritzona, hau da, kapitalak eta erreserbak- handitu egin beharko dira aktiboen aurrean. Honen ondorioz, kutxa askok kapital pribatu asko behar izango dute bizirauteko, eta egoera horretaz baliatu nahi duten interesek kanpaina gogor bati ekin diote berriro aurrezki kutxen pribatizazioaren alde.
Adibidez, esan ohi da finantzen gaur egungo ikuspegia errotik aldatzera doala eta beharrezko dela parte-hartze kuotak eraldatzea, erakargarriago bihur daitezen, edo, bestela, «hobea» den tresnaren bat sortzea. Bankuen elkarteak ez du aukerarik galtzen aurrezki-erakundeei eredua alda dezatela eskatzeko, eta FAES bezalako fundazio ultraliberalek argi eta garbi aldarrikatzen dute aurrezki kutxen sektorea guztiz despolitizatzeko beharra.
Argi dago kuotek ez dutela arrakastarik izan. Hipoteka-aktiboak ez dira salerosten, eta are gutxiago parte-hartze kuotak, aurrezki kutxek finantzazioa lortzeko ekindako bidea. Kuota horiek balore negoziagarriak dira, kotizatutako akzio baten parekoak baina eskubide politikorik gabe, eta honek ez duenez jarraipen handirik izan, orain, konplexurik gabe, eskubide politikoa duten parte-hartze kuoten beharra aldarrikatzen da oinarrizko kapitala biltzeko beharraren aitzakiaz. Igor daitekeen kopuru osoa eta inbertsiogile bakoitzak harpidetu dezakeen kopurua mugagabeak izatea ere aholkatzen dute.
Zer esanik ez, erreforma hau aurrera eramanez gero, aurrezki kutxen pribatizazioari ateak irekiko zaizkio eta, epe laburrean, elkarte anonimo bihurtuko dira; hala gertatu zen Italian eta Ingalaterran. Halako prozesu batek erakunde hauen izaera desnaturalizatuko luke, eta etekin guztien helburua aberastasun pribatua izango litzateke, eta Gizarte Ekintza desagertu.
Gure indar guztiak bideratu behar ditugu aurrezki kutxen ereduak ez dezan antzik ere izan pribatizazioaren aldarrikatzaileek bultzatzen duten horrekin. Gaur egungo sistemaren biziraupenak finantza-merkatuaren kontzentrazio oligopolikoa saihesten laguntzen du. Akats handiak izanda ere, kutxen bitartez finantza-zerbitzuetarako sarbidea eskaintzen zaie horretarako zailtasuna duten gizarteko sektore askori, bazterketari aurre eginez.
Basilea 3 izeneko prozesuaren estandarrak askoz zorrotzagoak izango badira, kaudimenik handiena nola lor daitekeen pentsatu beharko litzateke. Edonola ere, eztabaidatu beharko litzateke nork estali behar duen ongizate-estatua delakoaren gabezia, eta ea benetan kutxek etekinen zati handi bat horretara bideratu behar edota ahal duten.
Argi esanda: beharrezkoa balitz, eta kutxen biziraupena bermatzeko asmoz -gure herrialdea egituratzeko funtzioari dagokionez-, erabaki beharko genuke zein izango den etekinen zati handi baten xedea, oso kontuan izanda ondarea, kaudimen-ratioak eta aktiboen bolumenarekiko harremana.
Aukera on bat izan liteke produkzio sistemaren aldaketa bultzatzen duten enpresei lehentasunezko finantzazioa eskaintzea, balio erantsi handiagoa duten produktu eta zerbitzuak landuko dituzten teknologia, diseinu eta prozesu berriak bultzatuz. Gure sare produktiboa era honetan bultzatzeak indartu egingo luke gure ekonomia eta, harekin batera, aurrezki kutxak ere bai.
Gure eremuan, euskal kutxei dagokienez, haien aginte-organoek erantzukizun handia dute, eta hartzen dituzten erabakietan tentu handiz neurtu beharko dute parte-hartze kuotei indar politikoa emango dieten lege-aldaketak errazten ari diren ala ez. Oso zaila izango litzaieke euskal herritarrei azaltzea nolatan oparitzen zaien gure aurrezki-erakundeen kontrola eta jabetza estatu espainoleko talde finantzario boteretsuenei.
Aurrezki kutxen gizarte-izaera defendatu beharra dago, pribatizazio-saiakera guztien aurka eginez, berdin dio zuzenak ala zeharkakoak, irekiak ala estaliak diren. Kutxen kontrol publikoa eta Biltzarren bidezko ordezkaritza dira gure apustua, akziodun batzuen artean etekinak banatuko dituzten banku bihurtu nahi dituzten horien azpijokoen aurrean.