Fredi Paia 2010/3/24
Alderdiak
berria
Ez gara gutxi telebistan demokrazia deitzen diotenari partitokrazia deitzen diogunok. Leninek Alderdian sinesten zuen, Hitlerren moduan, boterera heldu eta gizartea kudeatzeko tresna eraginkor gisa. Eta EAJk zein UPNk erakutsi dute, alafede, biek ala biek arrazoi zutela.
Arazoa da, tresna guztiekin legetxe, erakunde guztien lehen helburua bizi iraupena dela. Tresnaren mantenu bera tresna sortua izan zen helburuaren aurretik. (...)
Euskal Herria laborategi errepresiboa denez, sarri izan gara irtenbidea aurkitzen lehenak. Eta sarri aipatu da gurean alderdien sistemak duen erroetara jotzeko ezintasuna eta gizartearen aldaketekiko moteltasuna. Interes publikoa beti dago bigarren mailan, hala behar du norbere bizi iraupena lehenesten baldin bada. (...)
AB eta Aralarrek uko egin diote Aberri Egun bateratuari. Independentistok, alderdi eta sentsibilitate ezberdinetako norbanakook, deitutako Aberri Egunari. Panikoa diote sortzen ari den irrintziari. (...) Ezker Abertzale indartsua behar du euskal gizarteak inoiz baino gehiago. Banketxe tirano, enpresari esplotatzaile, krisia deitzen dioten langileen aurrezkien lapurreta, Garoña, gizarte patriarkal monogamiko eta gure kultura desagerrarazi nahi duten estatuen aurrean. Jendea argi izpi bila bizi da gau honetan.
Bi horiek, ostera, norbanakoaren izaeraren afirmaziotik sortutako giza antolakuntzari uko egin, eta alderdia errebindikatzen dute. Erabat hipokrita Alderdien Legearekin eta gizabanako askeen herri askeez mintzo zirenen ahotik. Zenbat kostatzen zaigun botereak emandako ogi papurrak askatzea. Behintzat hori balitz, baina batzuek uste dute europar hauteskundeak ez zirela gertatu, amesgaizto bat izan zirela.
Agian zuen bizi iraupen estrategian irabazle aterako zarete, baina herria galtzaile aterako da.