GARA > Idatzia > Ekonomia

Oztopoak ugari izan arren, baserritarra izan nahi duenari bidea errazten dionik ere bada

Baserritar gazteei zuzendutako jardunaldiak izan dira Durangon eta 50 bat lagunek parte hartu dute bertan. Nekazaritza jarduerari ekin nahi dioten horietarik, gehienak «kalekumeak» direla nabarmendu dute antolatzaileek, jarduerarekin loturarik izan ez dutenak.

p038_f01-140x200.jpg

Nerea GOTI

Baserritar gazteentzako prestakuntza eta elkartrukerako jardunaldiak egin dituzte Durangon, Via Campesina europar koordinadorak, EHNE sindikatuak eta Mundubat gobernuz kanpoko erakundeak antolatuta. 50 lagun inguruk parte hartu dute ekimenean, eta ez denak Euskal Herrikoak, Estatu espainoleko eta Hego Amerikako parte-hartzaileak ere izan dira-eta.

Helburu bi izan dituzte jardunaldiok, batetik, «nekazaritza arloan beharrean diharduten gazteei esperientziak trukatzeko aukera ematea», bestetik, eta jardueran «hastear edo hasi berriak direnei etorkizunean hartu beharreko erabakien aurrean zabaltzen diren aukera desberdinei buruzko nozioak eskaintzea».

EHNEko ordezkariek azaldu dutenez, nahiz eta egoera ezberdinetatik etorri, euren arazoetako asko antzekoak dira, eta horren harira aipatu dituzte, besteak beste, lurra eskuratzeko zailtasunak, ekoizpenaz azpiko prezioak edota merkaturatzeko arazoak.

Jardunaldietan hainbat tailer antolatu dituzte, gai zehatzak aztertzeko, hala nola: lurraren arazoari aurre egiteko bideak -lur bankua, erreleboa edota alokairua-; produkzioa, transformazioa eta salmenta; edota gizarte eragileekin egin daitezkeen aliantzak.

Dena den, jardunaldietako helburu nagusietako bat zerotik hasi eta nekazaritza jarduerari ekin nahi dioten horiei laguntza ematea izan da. Horren arabera, parte-hartzaileen interesen araberako informazioa eman dute, ustiategia martxan jartzeko zer egin behar den, lurrak zelan mugitu edota zer tresneria mota behar den zehazteko.

Informazio horren bila Durangora inguratu direnen artean profil askotarikoak daude. Deigarria da, halere, EHNE sindikatuko arduradunek emandako datua: nekazari bihurtu nahi dutenen erdia baino gehiago kaletik datoz, hau da, ez dute aurretik baserriarekin inolako harremanik izan, eta «bokazioaz edo lur zati bat eskuratu» edo eskuratzeko aukera dutelako, lehenengo sektorean lan egiteko erabakia hartu dute.

Beste xehetasun bat nabarmendu dute antolatzaileek, baserritarren jarduera ezagutu ez eta ustiategi zabaldu nahi duten horiek «oso argi dute zer esplotazio eredu» nahi duten, baina prestakuntza eskatzen dute. «Inoiz galdetu izan digute oilo bat hiltzeko zer egin behar den», azaldu dute EHNE nekazarien sindikatuko ordezkariek, ba omen dagoela-eta «baserriaren inguruko kultura ezagutzen ez duen jende asko».

Egoera horretan zegoen duela bost urte inguru Amagoia Villanueva durangarra. Kalekumea eta baserriko bizimodutik at hazitakoa izan arren, «landa eremurako grinak mugituta» eta «bertako bizitzeko modua» bilatzen zuelako, nekazaritzara jotzea erabaki zuen.

Egun nekazaritza ekologikoan egiten du lan, ortua lantzen, arrautzatarako oiloak hazten eta okintzan. Barazkiak, arrautzak eta ogia otzara zerbitzu batera bideratu ditu, asteroko zerbitzu bat da, eta etxez etxe edo aurretik zehaztutako tokietara eramaten ditu etxeko eta sasoiko produktuak.

Ogi lantegiak ematen dituen aukerez baliatuta, hiru lankide dira «autoenplegu» alternatiba horri heldu diotenak, eta otzarez gain, hainbat dendetara, kontsumo taldeei eta EHNEren bitartez sortutako Nekasarea ekimenaren bidez merkaturatzen dituzte elikagaiak.

Hala ere, emaitza horien guztien atzetik lan handia dago. 2008tik Abadiñoko Mendiolan daude, baina 2006an hasi ziren proiektu pilotu batekin, Elgoibarren alokatutako baserri batean.

Martxan duen landa proiektua ez da edonolakoa, hala ere. «Bioeraikuntzarekin bat egiten dugu, orduan gure oilotegia lastozkoa da, adobezko eraikuntza egin dugu eta eguzki energiaz baliatzen gara. Ahalegindu gara ziklo itxia sortzen, ba oiloen hondakinekin ortua ongarritzea, okintzaren soberakinak olioei bideratzea... autogestionatu daitekeen zikloa osatzeko», azaldu zion GARAri.

Prozesu luze horretan zailena instalazioa izan dela aitortzen du Amagoia Villanuevak. Lurra lortzeko zailtasunarekin batera, bestelako alderdiak ere kontuan hartu behar dira, finantzabidea lortzea, merkatura zabaltzea, lan komertziala egitea: «Jarduera lurrarekin oso lotuta dago, baina burokrazia kontuetara eta lan komertzialera egokitzea zaila da».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo