ACB Liga
Valladoliden kontura arnasa hartu nahi luke Caja Laboral Baskoniak
A. G.
Ez dirudi Caja Laboral Baskoniak aurtengo Euroligan etorkizun handia duenik, Moskuko CSKAren aurrean jasotako jipoiei erreparatuz gero, bederen. Hala ere, Europan egindako hanka-sartzeak Europan geratu behar dira eta ACB Liga probestu beharko du talde gasteiztarrak azken egunotako itxura eskasa apaindu eta behingoagatik arnasa sakon hartzeko.
Dusko Ivanovicen taldeak Valladolideko Pisuerga kiroldegian dauka hitzordua gaur eguerdian. Egiari zor, nekez aurkituko dute arabarrek aurkari hoberik emaitza on bat ateratzeko. Nahiz eta liga txukuna burutzen ari den, azkenaldian gainbehera doa Porfi Fisac-ek zuzentzen duen taldea. Azkenengo lau neurketak galdu ditu jarraian Valladolideko taldeak, eta badirudi mailari eustea ia ziurtatu dutelako, Puzelakoek intentsitatea neurri handi batean apaldu egin dutela.
Caja Laboral Baskonia, aldiz, amorratzen egongo da Moskun emandako irudi tristea alaitzeko. «Talde honek nortasuna bazuela pentsatzen nuen, baina maila altueneko arerioen aurrean, hala nola Olympiacos edo Moskuko CSKA, porrot oso latzak jaso ditugu», adierazi zuen gasteiztarren entrenatzaileak osteguneko neurketaren ondoren; euskaldunentzat albiste on bakarra Splitter jokoan sartzen hasi dela ikustea izan zen.
Ondorioz, eta ligako bigarren postua eskuratu nahian borrokan jarraitzen duelako -nahiz eta asteon Real Madrilek egundoko hobekuntza erakutsi duen-, nahiz eta azkenengo bi liga partidetan galtzaile atera den -Estudiantes eta Bartzelonaren aurka- behar-beharrezkoa izango zaio Valladoliden garaile ateratzea. Partida hau jokatzeko atseden emango dio Ivanovicek Eliyahuri, pubalgia bat dela-eta ezin baitu bere taldekideen erritmo berean jokatu, ezta entrenatu ere, eta haren ordez Vladimir Golubovicek jokatuko du. Pibot serbiarrari talde gasteiztarrak beste hilabete batez luzatu berri dio kontratua.
San Emeterioren etxea
Bestalde, Fernando San Emeteriorentzat partida berezia izango da gaur eguerdikoa, hegaleko kantabriarra Valladolideko harrobian egin baitzen jokalari, eta talde horren eskutik egin baitzuen debuta ACB Ligan 2002an.