Hendaia-Irungo Aberri Egunaren aurkezpena
Ospakizun bakarra eta bi zutabe, Euskal Estatuaren aldarria ardatz
«Independentziaren aldeko olatua abiatzeko eguna» izango da Hendaia eta Irun artean ospatuko den Aberri Eguna. Independentistak sareak deitu duen ekimenean Bidasoaren alde banatik ordu berean abiatuko diren bi martxak izango dira «zutabe nagusiak»; biak Santiago zubian elkartu, eta Ficoban izango da ekitaldia. Jarraian, Irungo Mosku plaza bihurtuko da festarako gune; bertan, Ze Esatek!, Trikizio eta Deskontrol taldeen kontzertuak izango dira, besteak beste.
Janire ARRONDO | IRUN
Datorren igandean, apirilaren 4an, «Nazioa gara, Estatua behar dugu» lelopean, Hendaia eta Irun artean ospatuko den Aberri Egun bateraturako egitarau oparoa osatu dute Independentistak sareko kideek. «Guztiok egun eder bat igaro ahal izateko», dozenaka boluntario lanean dabiltzala azaldu zuten atzo.
Dagoeneko, «hainbat lanbide, adin edo herritako milaka herritar» Aberri Egunaren deitzaile egin direla azaldu zuten, guztira 6.700 inguru. Horien guztien izenean, Independentistak sare eratu berriko bozeramaileek, Lohitzune Txarola eta Antton Izagirrek, atzo iragarri zituzten Aberri Egunaren nondik norakoak. Hala, apirilaren 4an topaleku izango den Irungo Txanaleta plazan bildu ziren atzo Independentistak sareko hainbat lagun, tartean Deskontrol taldeko musika kideekin batera. Bertatik, «independentziaren aldeko olatua altxatzeko eguna izan dadin», Aberri Egunean parte hartzera gonbidatu zituzten Euskal Herriko txoko guztietako herritarrak.
Bidasoaren bi aldeetatik
Aurtengoan, hain justu ere, Lapurdi eta Gipuzkoaren arteko muga lanak egiten dituen Santiago zubian batuko dira bi manifestazio, hurrenez hurrenez Irundik ¯Txanaleta plazatik¯ eta Hendaiatik ¯Gazteluzar frontoitik¯ 11.30ean abiatuko direnak; handik, aurrera egingo du martxak, Ficobaraino. Hala, erakustazokaren atarian egingo da amaiera ekitaldia.
Bertan, independentziaren aldeko aldarria zabalduko da, «Euskal Herriarentzat aukera onena» dela iritzita. Honenbestez, «independentziara iristeko bidean zeharkatu beharreko geltokia den Euskal Herriaren aitortza, lurraldetasunaren errespetua eta autodeterminazio eskubidea bermatzen duen agertoki demokratikoa» defendatuko da.
Santiago zubian batuko diren bi martxak «alaiak» eta «parte-hartzaileak» izan daitezela nahi dutela azaldu zuten bozeramaileek, beraz, Euskal Herrian barrena diren fanfarre, trikitilari, erraldoi, batukada eta gisako taldeei Bidasoa aldera inguratzeko deia egin zieten.
Lanerako deia
Aberri Egunerako prestatu dituzten ekitaldi guztiak aurrera eraman ahal izateko, lanean «jende mordoxka» dabilela azaldu zuten Txarola eta Izagirrek. Hala ere, oraindik boluntario gehiagoren beharra ere badela esan zuten. Zehazki, «bazkariko zerbitzatze lanetarako» jendea eskatu zuten. Aberri Eguneko gastu ekonomikoei ere «auzolanean aurre egiteko» beharra nabarmendu zuten independentistek. «Gurea sare gisako mugimendua dela azaldu dugu behin baino gehiagotan», argitu zuten, eta beraz, antolaketak dakartzan gastuei ere «guztion artean» aurre egitea beharrezkoa dela. Horretarako, Aberri Eguneko parte hartzaile bakoitzak 5 euroko ekarpena egin dezan proposatu zuten, trukean «Independentistak» oroigarria banatuko dute.
Giroa alaitzeko asmoz Bidasoara hurbildu nahi duten konpartsa edo musika taldeek, zein antolaketan laguntzeko prest direnek, honako helbide erabili ahal dute antolatzaileekin harremanetan jartzeko: aberrieguna2010@gmail.com.
Goizeko manifestazio eta ekitaldiari Irungo Mosku plazan izango den jai giroko egitarauak hartuko dio lekukoa. Hain justu ere, eguerdian, 14.30 inguruan, txosnak irekiko dira edari eta bokatak eskainiz eta frontoian 1.000 lagunentzako bazkaria izango da. Bazkalondoan, berriz, haurrentzako jolasak eta GaztEHerrian antolatuta «PoteOlinpiada» egingo da plazatik abiatuta. 18.00 inguruan, Erdizka Lauetan taldea arduratuko da jai eta dantzarako giroa pizteaz. Iluntzean, 20.00etatik aurrera, berriz, kontzertuen txanda izango da; Ze Esatek!, Trikizio eta Deskontrol arituko dira oholtza gainean. J.A.