Euskara oinarri duen hezkuntza eredua aurkeztu du ezker abertzaleak
Euskal Herriaren «iraupena arriskuan» dagoela-eta, hezkuntza «ausardiaz» hartu beharreko gaia dela defendatu zuen atzo ezker abertzaleak. Hezkuntzarako proposamena aurkeztu zuten.
GARA | DONOSTIA
«Euskaraz bizi den Euskal Herria gauza ona da Europa eta munduarentzat». Hori ziurtatu zuten atzo, Donostian, ezker abertzaleko ordezkari Inazio Agirre eta Idoia Iberok, zein hezkuntzako hainbat arlotako partaide diren guraso, ikasle eta irakaslek.
«Egungo hezkuntza politika mugatuek» Euskal Herriko lurralde guztietan hizkuntza eskubideak «urratzen» dituztela salatu zuten, eta horren aurrean, «euskaldunduko duen eredu bakarraren hezkuntza sistema» proposatzea zuen xede atzoko agerraldiak.
Egungo hezkuntza ereduek, Euskal Herriko hiru administrazio-eremuetan, «euskaraz ikasi eta belaunaldi berriei euskara modu osoan transmititzeko eskubidea urratzen dute». Hala nola, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako herritarrei euskararen ofizialtasuna ez aitortzea; Nafarroako Gobernuak hainbat herritarrei «bizi diren zonaldean bizitzeagatik» ofizialtasuna ukatzea; edo Gasteizko Legebiltzarrak «espainolaren nagusitasuna eta euskararen mendetasuna eragitea» jo zituzten horren adibidetzat.
Ondorioz, «400.000 ikasleren euskaldun izateko eskubide indibiduala» urratzen eta «ikasleria osoa berezko komunitatean integratzeko eskubide kolektiboa» ukatzen dute egungo ereduen bultzatzaileek, eta hori «aski» ez balitz bezala, «D eredua ezabatzeko» proiektuak asmatzen dituztela salatu zuten (TIL eredua, esaterako).
Alternatiba politikoa
Horiek horrela, «egungo markoa eta ereduak gainditzeko alternatiba politikoa» agertu zuten atzo Agirrek eta Iberok.
Hainbat ardatz nagusi jasotzen ditu proposamenak: Euskal Curriculuma aplikatzea, «euskaldun eleaniztunak» prestatzea, nazio mailako egiturak sortu eta hobekuntza neurtzea, hezkuntzako langileak gutxienez «euskaldun elebidun» izatea, ikasle etorkinen hizkuntzak eta kulturak aintzat hartzea, besteak beste.
Euskaldun eleaniztunak prestatzea helburu duen proposamena aurkeztu zuen atzo ezker abertzaleak.