Top 14
Biarritzek ez ditu galdu aurrera egiteko aukerak
Geratzen zaizkien hiru partidak ere irabazi egin beharko dituzte zuri-gorriek, final-laurdenetan jokatzeko.
BIARRITZ 26
STADE TOULOSAIN 10
Jon LEUNDA
Biarritzek ongi merezitako garaipena erdietsi zuen atzo Anoetan. Lapurtarrek entsegu bakarra lortu zuten, azkeneko jokaldian izan zena, baina orain Yachvili dute, eta atzo hiru zigor-kolpe huts egin bazituen ere, sei gauzatu egin zituen, eta amaieran lau puntu eskuratu ahal izan zituen taldeak. Ligako final-laurdenak jokatzeko aukera izaten jarraitzen dute, nahiz eta horretarako, hemendik aurrera geratzen zaizkien hiru partidak ere irabazi egin behar dituzten euskaldunek, eta aurkari zuzenek, aldi berean, galdu.
Biarritzentzat atzoko garaipena oso garrantzitsua da, izan ere indar handia emango dio Ligako talderik indartsuenetakoa mendean hartzeak.
Partida bera ez zen ona izan. Hasieran Biarritz ibili zen agintzen, eta lehen zigor-kolpean aitzineratu zen. Yachvilik ez zuen hutsik egin, eta zuri-gorriak aurretik jarri ziren. Apurka-apurka, jokoa orekatu egin zen, eta Skrelak partida berdindu zuen beste zigor bati esker, baina berehala berriro ere Yachvilik aurreratu zituen etxekoak.
Hortik eta lehen zatiko azkeneko minutuetara arte kanpotarrak nagusi izan ziren, eta transformatutako entsegu bati esker, partidari buelta eman zioten. Azkeneko minutuetan, ordea, zuri-gorriek presioa goian egin zuten, eta horri esker, Yachvilik bi zigor-kolpe gauzatu, eta 12-10 aitzinetik joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian, etxekoak askoz hobeto aritu ziren. Tolosako taldea ez zen ia ikusi ere egiten, eta ez zuten puntu bakar bat ere gauzatu. Bigarren zatia hasi bezain azkar Yachvilik aldea gehitu egin zuen beste zigor bati esker. Gero, euskaldunen jaurtitzaileak asko arriskatu zuen, eta hiru jarraian huts egin zituen, baina laugarrengoa sartu egin zuen. Aldea gehitzen jarraitzen zuten zuri-gorriek.
Neurketa amaitzeko hamar minutu falta zirela, zelai erditik drop bat gauzatu zuen Traillek, eta ondoren Okzitaniakoak pasa ziren agintzera, baina ia aukerarik gabe, eta azken jokaldian Traillek lortutako entseguak garaipena segurtatu zuen.
Zelaia ez zen bete
Aurrez iragar zitekeen moduan, Anoetako harmailak ez ziren bete, eta 15.000 ikusle inguru batu ziren Biarritz animatzera, nahiz eta Tolosatik ere jende asko bertaratu zen.
Ez zen izan aurreko partidetakoa bezainbesteko giro beroa, eta hori ere aurrez iragar zitekeen, zaleek une honetan, ikusirik Ligan ez dituztela aukera asko burua Europan baitute. Eta Heineken Kopako final-laurdenak bi aste barru izango dituzte Anoetan, eta segur aski horrek ez du atzokoarekin zerikusi handirik izango, izan ere jadanik jende asko dago partida hura ikusteko sarrerak eskuratzeko zain, eta orduan Anoetako harmailak gainezka izango dira.