BEREZKOAK
Waltarik eta Etxetok finala jokatzeko txartela oso gertu daukate
Jon LEUNDA
Waltarik eta Etxetok Berezkoen Binakako finala jokatzeko txartela ia eskuetan dute, atzo Etxeberri eta Ezkurra 40 eta 31 menderatuta. Kubatarrak eta lapurtarrak orain arte hiru partida jokatu eta hirurak irabazi dituzte, eta ligaxka amaitzeko bakarra geratzen zaie. Etxeberrik eta Ezkurrak bi jokatu dituzte, eta bat irabazi eta bat galdu dute.
Atzoko partidako protagonista nagusia Waltari izan zen, bera izan baitzen gehien nabarmendu zena, bai onerako, bai txarrerako.
Partida bikain hasi zuten Etxeberrik eta Ezkurrak, eta 0-12 aitzineratu ziren. Tarte horretan, kubatarrak sei pilota galdu zituen, eta erraztasun handia eman zuen. Gero, partidan sartu zen, lekua topatu zuen, hamalau bote sartu zituen, eta partida erabaki zuen.
Egia da Etxetok laguntza bikaina eman ziola. Atzelari lapurtarra oso ongi agertu da txapelketa honetan, nahiz eta lesio bat gainditu berria duen.
Norgehiagokak 57 minutu iraun zituen, eta botetik 14 kintze sartu zituen Waltarik, eta erdiak egin zituen Etxeberrik. Jokoan 10 pilota galdu zituzten Waltarik eta Etxetok, eta 5 Etxeberrik eta Ezkurrak. Egin, berriz, 21 egin zituzten Waltarik eta Etxetok, eta 14 Etxeberrik eta Ezkurrak.
Markagailua honela joan zen: 0-12, 12-15, 8-19, 11-20, 23-23, 24-24, 29-29, 31-31 eta 40-31.
Gaur Txapelketa Zuberoara joango da, Garindainen izango baita norgehiagoka, 11.00etatik aurrera. Bertan, Sorhuet eta Ozafrain Bielleren eta Harizmendiren aurka neurtuko dira.
Orain arte, Sorhuetek eta Ozafrainek, partida bat jokatu dute eta bera galdu egin dute. Biellek eta Harizmendik, berriz, bi norgehiagoka jokatu dituzte, eta horietatik bat irabazi egin dute, eta bestea, berriz, galdu.
Garbi dago, Waltarik eta Etxetok lortuko dutela finala zuzenean jokatzeko txartela, eta besteek finalerdien bila lehiatu beharko dutela.