Pirinioetako ibarretako kulturen berezitasuna, «Ekialde» ikuskizunean
Xiru jaialdiak ateak zabaldu zituen ostiral gauean, eta gaur arte hainbat hitzordu eman dira Gotaine-Irabarne herrian. Besteak beste, «Ekialde» ikuskizunaren lehenengo emanaldia eman zuten atzo. Aragoi, Aspe, Erronkari eta Santa Grazin emana izango da ondotik.
Ainize BUTRON | GOTAINE
Apainketa ilun batean murgilduak agertu zitzaizkien atzo gauean, Gotaineko herriko gelan, ikusleei «Ekialde» ikusgarrian parte hartzen duten artistak. Amaren Alabak taldea osatzen duten bost abeslariak koadro baten laukian sartuak, kantuz eta dantzan ari izan ziren arratsaldetik goiti, gauean egitekotan ziren «Ekialde» ikusgarriaren lehenengo emanaldiaren prestaketan. «Cai Cai» okzitanoz abesturiko Michel Ma- ssiasen sehaska kantua abestuz hasi zuten saioa, eta, ondotik, errepika egiten zuten heinean, Zuberoa, Erronkari eta Aragoiko hitzak zein kantu eta testuak agertzen joan ziren.
Aurtengo Xiru jaialdia aukeratu du Hebendik taldeak «Ekialde» izeneko sorkuntza aurkezteko. Musika, kantua eta dantza- ren bidez Pirinio «ekialde»an dauden lau bailaren bilakaera eta historia aipagai da ikusgarrian. Horretarako, zona bakoitzeko lau olerkariren testuak hartu dituzte oinarritzat: Zuberoako Titika Rekalte, Erronkariko Marcelin Garde, Aragoiko Veremundo Mendez Coarasa, eta, bearnesaren ordezkaritzat Limousin eskualdeko Marcela Delpastre.
«Bailara bakoitzaren kulturak, parekotasunak eta ahuleziak aipatzen ditu ikusgarriak», azaldu zuen Nicole Lougarot Hebendikeko kideak. Mixel Etxekoparek, berriz, ikusgarriaren ildoa «beltza» zela aitortu zuen. Erronkarin hizkuntza galtzea, Aragoin gertatzen ari den espekulazioa, Aspeko ibarrean dagoen Somporteko tunela, eta Zuberoan gertatzen den hizkuntza galera eta lurraldearen hustuketa dituzte mahai gainean jarri nahi izan ikusgarrian.
Baina, iluntasun horretatik at, Pirinioen magaletan kokatuak diren ibar horien berezitasuna goraipatu nahi da «Ekialde»n. Historio zehatzik ez da. Titika Rekaltek Zuberoako «Ainarei» buruz idatzitako testua da ardatza, eta, ondotik, ordubetez lau haranetan bidaiatzeko aukera ematen zaio ikusleari. «Ikusgarria omenaldi bat da. Kulturalki zerbait ezberdina sendi da ibar horietan barnatzerakoan. Oskaze lepoa pasatu eta, zerbait nabari da, fisikoki inguramena ezberdina da, eta bertan bizi garen jendea hala gara ere», argitu zuen Etxekoparek. Jeremi Garat, Jean Xarles Sans eta Mixel Etxekopar musikarien doinuak, Peio Cachenaut eta Amaren Alabak taldearen bozak eta Gotaineko bi dantzari biltzen ditu ikuskizunak. Dantzaren aldetik lau haranetan ematen diren «branleiak» eta sokadantza dira nagusi.
Santa Grazin
Lau ibarrek osatzen duten «mundua» zeharkatuko du ikusgarriak. Aspe, Anso eta Izaban ikusiko da. Eta, uztailaren 17an, berriz, Zuberoara itzuliko da Santa Grazin eginen den emanaldirako. «Santa Grazi da lau ibarren arteko giltza, beraz, bertan ekitaldi nagusia eginen dugu», argitu zuten. Ikusgarriarekin Gonzalo Etxebarriak landu- riko Landartak izango dira ere elizan eta muinoan, eta, lau ibarretako gomita bereziak.
Aspalditik bazuen Mixel Etxekopar «Ekialde» ikusgarria egiteko gogoa. Lau ibarretan kaleratzen den izen bereko aldizkaria dela-eta jarri zioten izen hori.
Mixel Etxekopareren esanetan, ikuskizuna «omenaldi bat da. Kulturalki zerbait ezberdina sendi da ibar horietan barnatzerakoan. Oskaze lepoa pasatu eta, zerbait nabari da, fisikoki ingurumena ezberdina da, eta bertan bizi garen jendea hala gara ere».