GARA > Idatzia > Kultura

Eszenak

Otsoaren gaueko ulua

Dorleta URRETABIZKAIA

Aktorea eta idazlea

Antzerkiaren Nazioarteko Eguna izan genuen joan den hilaren 27an eta mundu osoko antzokietan izandako ospakizunetan Judi Dench aktore britainiarraren honako hitz hauek entzutea izan genuen beste batzuen artean. «... Egun guztiak izan beharko lirateke antzerkiaren egunak, gure ikus-entzuleak entretenitzeko, hezteko eta argitzeko tradizioarekin jarraitzeko erantzukizuna gurea baita, izan ere, ikus-entzule horiek gabe, gu ez baikinateke existituko.» Irakurlerik gabeko liburuek existitzerik izango ez luketen bezala, edo begirik gabeko koadroek, edota gorputzik gabeko dantzek... Izan ere, arte orok, hartu-emanean baino ez du zentzua.

Antzerkiaren egun honetan, antzerkiak mundu osoko antzokiak hitz eta ahotsez beteriko oihu batez bete zituen, sekula baino zentzu handiagoarekin, izan ere, egungo krisia dela-eta, sektore hau une latzak bizitzen ari da. Konpainia asko kinka larrian dira, desagertzeko zorian eta zer esanik ere ez, horrelako egoera batean berriek apenas dutela lekurik. Eta hori dela-eta, egun hau munduko leku guztietan ospatu zen, baita geurean ere. Donostian Victoria Eugenia antzokian ospatu zen Donostiako X. Antzerki Saria irabazi duen Hika taldearen «Aitarekin bidaian» antzezlana ikusteko aukera izanik; Bilbon, berriz, haurrak izan ziren musikarekin batera testu hau dramatizatu zutenak, antzerkiaren geroa izango direnak, eta Arriaga antzokian ere, Luis Eduardo Aute entzuteko aukera izan zuten. Gasteizeko Printzipal antzokian berriz, Vicky Peña aktorea ikustea izan zuten «Después de mí, el diluvio» bere azken antzezlanean. Aurten beraz, antzerkiak bere existentzia beharraren oihu gorria jaurti digu, bizirik jarraitu nahi duen otsoaren gaueko ulua bezala.

Eta antza denez, otsoak jaso du erantzuna ze, azkenean, arte eszenikoen egoera larria dela eta, aurtengo Dferia mantentzea erabaki da. Euskal konpainiak biluzik ez uztearren eta bertako publiko eta afizioarekiko errespetuagatik, jaialdi berezi bat egingo baita, trantsizio moduko zerbait, euskal antzerki eta dantza ikuskizunak bakarrik eskainiko dituena. Hori dela-eta, aurtengoan izen berezia hartuko du «Dferia, euskal antzerki eta dantzarekin hitzordua» eta ekainaren bukaera aldean izango da, hiru egunetan zehar hamabi ikuskizun eskainiz.

Sortzaile askok krisi egoeretan agudezia areagotu egiten dela diote, benetako beharra dagoenean ateratzen dela kalitatezko artea, barruko prozesioak bere bidea egiten duenean. Baina Aste Santuan gaude eta barruko prozesioez gain, kanpokoak ere badira izan. Gure herri eta hiri asko prozesio jendetsuz beteko baitira egunotan, baina ez erlijioarekin loturiko prozesioz bakarrik, izan ere, hilaren lehenengo lau egun hauetan Bilboko kaleak malabarez, akrobaziaz, musikaz eta humorez beteko dira Kaleszena dela-eta. Beraz, jarrai dezagun antzerkiaren alde ulu egiten, erantzunak etorri, etortzen baitira zinez.

Ficha

Obra: «La marquesa de O».

Autor: Heinrich von Kleist.

Intérpretes: Amaia salamanca, Josep Linuesa, Juan José Otegui, Tina Sáinz.

Escenografía: Javier Ruiz de Alegría.

Vestuario: Helena Sanchis.

Dirección: Magüi Mira.

Lugar y fecha: Teatro Arriaga, 31/03/10.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo