GARA > Idatzia > Kirolak> Pilota

Buruz Buruko Promozio Txapelketa

Azken orduko boladak eman dio garaipena aurrelariari

Aritz Lasak buelta eman zion 20-11koari eta Cabrerizoren aurka jokatuko du.

Asier AIESTARAN

Aritz Lasak majo sufrituta lortu zuen Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan Buruz Buruko Promozio Txapelketaren final-zortzirenak jokatzeko txartela. Urretxuko aurrelariak 22-21 menderatu zuen Miguel Merino errioxarra, bukatu berri den Binakakoan bere atzelaria izan zena. Hurrengo kanporaketan, Lasak Cabrerizo izango du aurkari, eta irabazlea final-laurdenetako ligaxkan sartuko da.

Buruz buru horren ohikoa izaten den moduan, atzoko partidak ere takada handiak izan zituen. Aritz Lasa bera izan zen hasieran 8-3 aurreratu zena markagailuan. Baina pilota aldatzearekin batera Merino tantoak egiten hasi zen, bata bestearen atzetik, eta erabakigarria zirudien hamaika tantoko abantaila lortu zuen: 20-11.

Aritz Lasaren aitak ongi egin zuen, ordea, botilero lana eta semea lasaitzea lortu zuen. Sakez min egiten hasi zen, eta arriskatzen zuenean, ongi asmatzen. Aldeak murriztuz joan ziren, Merino gero eta urduriago jartzen, eta 20nako berdinketa iritsi zen. Atzelariak 21garrena ere egin zuen, baina azken bi tantoak Lasarenak izan ziren, eta garaipena gipuzkoarrarentzat.

«Asko sufritu dut. Fisikoki ongi nengoen, baina opari bat egin dut eta sakea hartuta tanto asko egin dizkit segidan. Aitak ongi ikusten ninduela esan dit, lasaitu egin nau, eta arriskatzen hasi naizenean ongi atera zait. Cabrerizoren kontrakoa partida ezberdina izango da. Ligaxkan sartzea sekulakoa litzateke», adierazi zuen Aritz Lasak.

Bigarren partidan, Abel Barriolak porrota jaso zuen, lesioa gainditu ostean berragertu zenetik lehena. Olazabalekin jokatu zuen leitzarrak, eta 22-16 galdu Julen Retegi eta Pedro Martinez de Eulateren kontra.

ASEGARCE

Asegarceren adarrean hiru partida jokatuko dituzte gaur eta bihar. Zornotzan final-hamaseirenetako kanporaketa jokatuko dute gaur Izak eta Urrutikoetxeak, 17.30ean hasiko den jaialdian. Bihar, Zarautzek berriz hartuko du lekukoa, final-zortzirenetako bi partidekin: Mendizabal II.a / Argote eta Leiza / Olaetxea. Jaialdia 17.00etan hasiko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo