GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Julen Arzuaga Giza Eskubideen Behatokia

Norberaren determinazioa

Autodeterminazioaren aldeko argudioak hiru bloketan sailkatzen ditu Julen Arzuagak bere artikuluan eta, «norberaren determinazioa» egituratzean herritarrek aurkitzen dituzten elementuen aurkako indarrak boteretsuak direla jakinda ere, bere determinazioarekin, eta beste askoren determinazioarekin, heldu da Aberri Egunera.

Pasa den mendearen erdialdean eratu berria zen Brasilgo Errepublikako funtzionario bat oihanaren barrenera abiatu zen. Bere misioa Amazonian bizi zen jatorrizko herri batekin kontaktatzean zetzan, Brasilen promulgatu zen Konstituzioa azaltzeko. Azkenik, tribuarekin topatu zenean, beren buruzagiaren aurrera eraman zuten. Hari Brasil nazio aske eta subirano bat zela eta herritar guztien eskubide eta askatasunak defendatzen zituen konstituzio demokratiko bat idatzita zuela azaldu zion. Azalpenak aurrera egin ahala, buruzagia gero eta txundituago zegoen. Baita funtzionarioa ere, erreakzio hori ikustean. Misio hura erraza izango zen, indigenak konbentzituta baitzeuden. Hiriburura bueltatzeko ordua heldu zenean, buruzagiak honela esan zion agurtzerakoan: «Horrenbeste gustatu zait ekarri diguzun ideia, geuk ere berdina egingo baitugu. Zuen modura, konstituzio demokratiko bat onetsiko dugu, oihanaren errepublikaren eskubide eta askatasunak aldarrikatuko dituena».

Anekdota honek «eskubide eta askatasun» arrotzen inposizioak, balizko onuradunen iritziaren bizkarrean, duen logika falta irudika dezake. Herri eta herritarren iritzia eskatu gabe, sistema politiko bat ezartzeak duen legitimitate eza, alegia. Baina metropolian ez da horrela ikusten: arau eta disposizio miresgarri horiek estimatzen ez dakitenak, berekoi hutsak -edo ergel galantak- balira bezala baino ezin dira hartu. Nagusitasun eta harrokeria horrekin, herrien nahiak bulego gris urrunetatik zuzentzen dira, herri horien partaideak behin betiko adingabetzat hartuz.

Ukazio horretaz jabetuta, zapaldutako herrietako kideek, bitartekaririk gabe eta lehenengo pertsonan, euren burua antolatzeko eta erabakitzeko agente zuzenak izatea erreklamatzen diete ordura arte eskubide hori konfiskatu dietenei. Denborak aurrera egin ahala, herritarrek kontzientzia hartzen dute eta gehiengo berriak sortzen dira, guztienak diren oinarrizko eskubideak itzuliak izan daitezen.

Norberaren determinazioa egituratzean, herritar bakoitzak elementu ezberdinak aurkituko ditu, hiru bloketan taldekatu ditzakegunak.

Lehenengoan, gizabanako batzuk partekatutako historian oinarrituko dute euren legitimitatea, su eta garrez sufritutako konkisten oroimenean. Irabazitako batailak eta galdutako guduak, iraganean izandako distira eta armez lapurtutako estatusa ekarriko dituzte gogora. Atzerago ere egingo dute euren aldarrikapenen sostengua eman nahian. Mitologian eta antzinako tradizioetan, txinpartaka dirauen etxeko sutearen aurrean bakarrik ahopeka xuxurlatu behar diren narrazio eta bertsoetan aurkituko dute inspirazioa. Hortik abiatuko dira kultura konpartituaren eskubideak erreklamatzera, zeintzuk mintzaira komunaren arragoan gorpuzten diren. Hurrengo urrats logikoa, hizkuntzaren erabilera eguneroko bizitzaren aspektu guztietara zabaltzeko eskatzea izango da eta irakasteko, eraikitzeko, egunez egun berritzeko beharra azpimarratuko dute. Hauek, «abertzaletasuna» deritzogun sentimendu hori, ikur kolektiboetan, kirol gertakizunetan, kantaldi eta kultura ekintzetan, jai herrikoietan, ekimen errebindikatiboetan... eta beti indarberrituta sumatuko dute.

Badago bigarren arrazoi multzo bat nazio eskubideak aldarrikatzeko: hau delako modurik eraginkorrena ukapenak sortu duen mina, sufrimendua... gainditzeko. Estatuaren giza eskubideen urraketek eta estatu kanpoko beste agenteen biolentziek sortu duten konfrontazio, gatazka edota gerra hamarkada luzeen ostean, konponbidea bilatzean jartzen dute herritar hauek euren determinazio guztia. Pandoraren kutxa ixteko modu eraginkorrena eskubide kolektiboen aitortza da. Bortizkeria, tortura, atxiloketa edo kartzela sufritu duenak agertoki politiko berria merezi duelako. Gatazkaren konponbidea izango zen, hauentzat, sufrimendua amaitzeko eta sufritu duena birgaitzeko biderik egokiena. Arazoa atontzea, finean, arazoaren efektu madarikatu horiek guztiak atontzea da.

Azkenik, badago hirugarren ikuspegi bat: nazio eskubideen errekonozimendua aldarrikatzea, hauxe delako ariketa demokratiko sinple eta osoena. Herriari ahotsa eman, herritarrak «ahaldundu» proiektu posible guztien artean kontzienteki erabaki dezaten. Gehiengoak izan nahi duena izan dadila ahalbidetzea. Ez dago ezer behin betiko, guztia da aldagarria, herritarrek hala nahi badute. Horrela, marko berri bat zehaztu ahal izango da, non herritarren nahi guztiak libreki defenditu daitezkeen, pisu eta zama guztietatik libre dauden alderdiak bideratuta. Ikuspegi hau sustatzen duten hiritarren determinazioa «erabakitasunarekin» parekatuta dago. Baina erabakitzea ez da iritzi adierazpen soil bat, ez dute eskatzen tanteo saio huts bat. Atxikimendu gehien jasotzen duen estatus politikoa errealitate bihurtzea exijitzen dute. Gainontzeko proiektuek beste garai batzuk, beste gehiengo berri batzuk sortzera itxaron beharko dute. Herritar gehienek demokratikoki agintzen dutenak iparrorratza izan behar du.

Gure determinazioa osatzen duten hiru multzoetan agertutako argudio hauen aurka daudenen indarraz kontzientea naiz. Argi dago, kateen giltza dute eta kontrolatu ezin duten energia askatzeari jartzen dioten erresistentzia nabaria da. Herrien eskubideen aitortzaren arerioek abertzaletasunaren sentimendua barregarri uzten dute, eurek bekatu horren kontrako txertoa jarria baitute, antza denez. Hauen hizkuntza perfektua da, euren ikurrak harmoniatsuagoak omen dira, dituzten sentimenduak zintzoagoak. Kultura oso bat iraintzen dute -baita urte luzeetan horren barruan bizi izan direnak ere-, oraindik ere indigestioa eragiten baitie. Bestalde, «gatazkaren konponbidearen» kontra egongo dira, orain gutxi Mayor Orejak arbuiatzen zuen moduan. Hori lortzeko amarruetan ibiltzen omen dira agente batzuk, berarentzat guztiz deitoragarria dena. Agian hortik bakea eta justiziaren agertoki batera ailegatu daiteke, eta hori ezin da izan. Gerra nahiago, antza. Beste batzuek, europarlamentario ahoberoa isilarazteko, zaplazteko bat ematen diote... demokraziari. Parte-hartze politiko libreari muga gehiago, erabaki askerako zailtasun gehiago. Guztion ahotsa entzutea ekiditeko, gortasuna inposatzen da dekretuz.

Nazioarteko esparrutik, argia beti ahul baina presente egon da hiru parametroetan. Idazle eta poetek estimatu dute gure lurra, gure kultura, ikerleek errekonozitu dute gure hizkuntza. Nazioarteko adituek salatu dituzte giza eskubideen urraketak eta berauek gainditzeko gomendioak luzatu dizkiete estatuei. Orain gutxi, hainbat Nobel saridunek barreiatutako mezu batean gatazkaren konponbidea demokratikoki bideratzeko eskatu dute. Alde guztiei egin diete interpelazioa, elkarrizketaren bitartez gaiari heltzeko.

Hor dago tirabira. Beste herri askok egin dute bidea ataka horretatik aurrera eginez. Sentimendu, proposamen eta uste sendo horiekin hurreratzen naiz gaur Aberri Egunera. Nire determinazioarekin. Beste askoren determinazioarekin batera, gure iraganaren errespetua, orainaldi mingarri hau gainditzea eta etorkizunari aurre egiteko demokraziaren bermea galdegingo ditugu.

Bidasoa zeharkatzean Amazonas ibaia zeharkatu zuen funtzionario hartaz oroituko naiz; hiribururako bueltan, bere misioan gaizki zer egin zuen oso ondo jakin ezinik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo