Maite Ubiria Kazetaria
Aberkideok, biharamun on!
Aberri Eguna independentziaren aldeko ospakizuna dugu. Konplexurik gabe, aitortu gabeko lotsarik gabe, Euskal Herri berria soilik zuri, gorri eta berdez irudikatzen dugula mundu aitzinean agertzeko. Aberri Eguna. Esana eta izana. Biak batera. Hendaiatik zein Irundik abiaturiko erromesak bezain uztarturik.
Batasunetik askatasunera. Erromantizismoan erori gabe, aurrean dugun bidea zeharkatzeko beste modurik ez dagoelako. Etxea bakarra dugulako, aberri berak aterpetzen gaituelako.
Oteizak irria bota digu, Gipuzkoa eta Lapurdi arteko mugarria jendez inguraturik ikusita. Baita parioa bota ere, harago joateko, kolpez kolpe mugaren azken aztarna ezabatu arte, lurraldetasuna berreskuratu arte.
Bada denbora gehiegi aberria hatzaparretan ukan dugula. Tenorea da indarrak biltzeko, auzolanari lehentasuna emateko.
Aberri Eguna, udaberria bezala: beti berdina, beti diferente. Liliek usain berezia hartu dute aurten.
Denbora luzeegiaz politikari abertzaleek zilborrari begiratu diote. Alderdiek beren mezuak pasatzeko beharra aldarrikatzen dute herriak agertzen duen bidezko bakearen gosearen gainean beren lehentasunak ezarriz.
Izan ere, herritarrek Santiago zubia hartu dute, ibilbidea egiteko prest direla errateko, jendartea, herria, berme bakarra eta eraginkorra dela erakutsiz.
Bejondeizuela aberkideok, haizeteak bortizki ufatu arren, norabidea tinko atxiki duzuelako. Garaipenaren lurrin fina duen eguna zuek emandako lanari esker helduko da.
Belaunaldiz belaunaldi independentistek iparrorratza gorde dute. Odolak eta malkoek euskaldunen mapa ezabatu dute, sarritan, bai. Alta, koordenadak ez dira finean aldatu: 4 gehi 3 izaten da helmuga.
Bejondeigula, arrotzak bezain lagun ditugun herrialdeetatik izen handiko jendeek eman diguten esku kolpea.
Bejondeizuela amore eman ez duzuen guzieri, zuen engaiamenduak ahalbidetu baitu eskuzabaltasunez jokatzeko aro berria irudikatzea.
Zubia hartzeko, irrintzia eginez, lehen urratsa eman dutenek aitzakiarik gabe utzi dituzte ekaitz perfektuaren begiraleak.
Aberri Eguna ez da, gehiago, egun bateko diskurtsoak lau haizetara botatzeko bestatxoa. Aberri Egun honek biharamun oparoa ekarriko baitu. Denok esperantza zor diogu herriari.