GARA > Idatzia > Iritzia> Zorroztarria

Julen MURGOITIO

Zenbat aberri nazio bakarrean!

Aberriaren eguna. Abertzaleen artean nork bere aberria, baina denok egun bera; tira, denok ez, batzuek eguna bera ere aldatu baitute, bezperara pasatuta, bezperakoak biharamuna argituko dielakoan, antza. Baina lehenago esnatuta ere, ez da eguzkia goizago ateratzen, ordua aldatu arren. Hortaz, aberrien egunak esan beharko. Ez dakit zeinek asmatuko zuen aberrien egun ofiziala aste santuaren amaieran kokatzea; pasio handiz egingo zuen, seguruenik, baina demontre!, batzuek nazioaren gurutzea egun guztietan aldapan gora aldean eramaten duten bitartean, beste batzuek elizarako bide leunetik prozesioan baino ez, eta gainera langabe ezagunak prekarioan kontratatuta gurutzea gozatzeko. Nork bere kalbarioa, batzuena VIP eta guztiz, RIP baino ez besteena. Ama, ama, zenbat aberri nazio bakarrean! Sasoi aproposa oraingoa ahoa berotzeko. Horra jelkideen buruaren azkenetarikoa, erakunde armatuak amaieratik hasi behar duelako hori. Bertsolariek dute hori aspaldian asmatua. Bertsoaren onena, azken kolpea, amaieran badator ere harako bidea prestatu behar da, eta bertsolari onaren kasuan, behinik behin, bide hori ez da prozesioa ez eta betegarri hutsez betea ere. Hortxe datza, seguruenik, Bruselako adierazpenaren garrantzia. Eragileen konpromisoa eskatzen du horrek. Eragile bioaktiboena. Baina nago ni hemengo eragile politiko batzuk, hainbat D eredukoak izanda ere, ez direla ez bio edo ez aktibo. Are gehiago, nonoiz izandako aktiboak burtsan bide dauzkate gaur.

Lanuzteak izan dira egunotan Lakuako Gobernu transgenikoan. Lana utzi eta ez bueltatzeko lanuzteez nago; lanpostu-uzteak. Eta hauxe kolpea! batzuk Barne Saileko Arkautepolin. Ustez ikasketa-kabinete bat han sortu nahi eta azkenean usteak ustel, sortu ez eta ikasiak zirenek alde egin. Lanustea zena lanuzte amaitu. Barne zaila. Orain gutxi EHUrekin sinatu protokoloaren helburua ez ote izango hango askoren ikasketa-maila handitzea, arlo sozialean batez ere? Tira, Durangon jarri berri du lehen harria GaztEHerriak. Gazteharria, beraz. Egitarauan sabel dantza eta flamenko ikastaroa. Pozten naiz, flamenkoa bera ere jatorra izan daiteke eta, batez ere jatorrizkoa denean. Sabel dantzarena ezin imajinatu jelkideen aberriaren eguneko egitarauan, sabelengatik baino gehiago beloengatik. Ezin.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo