GARA > Idatzia > Ekonomia

Labeak itzaltzearekin batera, Baionako Celsaren garapen hotsak isildu dira

CELSA-France, Bokale eta Tarnose artean Baionako portuaren industria gunean dagoen altzairutegiak, labeak itzali zituen martxoaren 24an. Zuzendaritzak dioenez, merkatuaren beherakada dela medio, ekoizpena murriztea beste erremediorik ez du izan. Datozen hiru hilabeteetan, lauzpabost egunez hilero, langabezian izango dira bertako 250 langileak.

p028_f01_177x140.jpg

Arantxa MANTEROLA

Krisiaren eraginez, mundu osoan altzairu eskaerak jasan duen sekulako beherakadan -Europan siderurgia industriaren jarduera erdira murrizterainokoa- dago, CELSA taldearen esanetan, neurri hauek hartu beharraren arrazoia.

Baionako CELSA (lehen Acieries de l'Atlantique-ADA) altzairutegiaren historian gorabehera berria da honakoa. Bere sorreratik hamaika izandakoa da. Alta, orain urtebete oso bestelako hotsak entzuten ziren.

Izan ere, CELSA «enpresa osasuntsutzat» jotzen zuten bai bertakoek, bai Ipar Euskal Herriko eragile ekonomikoek ere, batez ere, Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG). Ez hori bakarrik, enpresak hedatzeko asmo irmoa zuen hotz eta bero bidezko ijezkailuak eraikiz. 2008ko urtarrilean, Jean-Marie Berckmans MIGeko presidenteak, CELSAk beste bi siderurgia fabrika ezartzeko planak idatziz aurreratu zizkiola adierazi zuen ofizialki. Urte bereko uztailaren bukaeran protokolozko hitzarmen bat ere sinatu zuten CELSAk eta administrazio frantsesak (Akitaniako Kontseilua eta Landetako Kontseilu Nagusia). Bertan, siderurgia taldearentzat 37 hektareako eremua erreserbatzera engaiatzen ziren bi erakundeak.

Egitasmo erakargarria

Inbertsio eta lanpostuen sorreraz, berriz, iragarpenak ezin erakargarriagoak ziren: 655 milioi euro eta 400 bat lanpostu berri hain zuzen ere.

Ipar Euskal Herriko erakundeek ez zuten inolako parte-hartzerik izan aitzin-akordio horretan, nahiz eta enpresagunearen zati bat bere lurretan izan. Hala eta guztiz ere, Baionako MIGek probetxu dezente atera zion industria egitasmoari. Orduantxe zebilen Akitaniako Kontseilua portuaren kudeaketa kontratua berritzekotan eta, lehen aldiz, MIGek lehiakide bat zuen (Veolia taldea). Enpresaren hedapenaz, hasieran, aski zuhur jokatu zuen iragarpen arranditsuekin baina, kontuan hartuz altzairutegiaren garraioari portuko trafikoaren %40 dagokiola, garrantzitsua zen oso proiektuaren nolabaiteko sustatzailetzat agertzea. Seguru asko, proiektuak bere pisua izan zuen hamabost urterako emakida erdiesteko.

Orain, krisiak jota, ez CELSAk, ez MIGek ez dute adierazpenik egin nahi etorkizuneko plan horiez, baina joan den ekainean jada, gutxienez urtebeteko atzerapena izango zutela onartu zuen Vincent Roberti Landetako Prefeturako idazkari nagusiak.

Gaurko egoeraz ere, CELSA taldea duela egun batzuk argitara emandako oharrari lotzen zaio. Are, Baiona-Bokaleko lantegitik ez dute inolako informaziorik ematen, ezta langileen egoerari buruz ere. CELSAk talde bezala kudeatzen omen du hau, eta Bartzelonako komunikazio agentzia baten bitartez jakinarazten ditu bere mezuak, momentuz arestian aipatu martxoaren 24ko agirira mugatzen direnak.

Langileak ez dira fio

Egoerari aurre egitearren, hiru hilabeteko enplegua erregulatzeko espedientea (ERE) -luzatzeko aukerarekin- onartu dio Administrazio frantsesak enpresari, eta honek, sei hilabetez bederen, lanpostu guztiak atxikitzeko konpromisoa hartu du. Lan egin gabeko orduak, soldata garbiaren %92 ordainduko omen diete erasandako langileei eta 13. hilabeteko aparteko soldata osorik mantenduko da.

Langileak ez dira, haatik, fio. Urteko hitzarmenaren negoziazioan dabiltza une hauetan, eta ohiko gorabeherei -«soilik %0,9ko igoera proposatu digu»- jardueraren murrizketa gehitu zaie. Zuzendaritzatik beste merkatuak bilatzen ari direla (Portugalen eta Brasilen) ziurtatu dieten arren, langileen ordezkariekin izandako bilkurak ez dira, ez, ongi bukatu.

Enpresaren etorkizunaz ez diete deus garbirik esan, eta energia merkeagoaren aitzakiapean, «Espainiara lekualdatzeko mehatxurik» ere izan dela diote langileek. «Energiarena gezurra da, Europako bigarren garestiena da. CELSA taldearen egoera orokorraz ere ez dute ezer erantzuten, baina badakigu Trapagako Nervaceron kanporaketa hotsak hasi direla, nahiz eta han EREa onartzerakoan lanpostuak mantentzeko bermea adostu zuten. Hau izango al da gure etorkizuna?», adierazi du Igor San Jose bertako langileak.

Hainbat lan-etenaldi eta protesta elkarretaratzeak burutu dituzte lantegiaren aitzinean, eta ez dute baztertzen gehiago egitea, baldin eta zuzendaritzak negoziatzeari uko egiten segitzen badu.

Argi dago, altzairutegiaren inguruko eragile ororentzat (izan langileak, MIG edota taldea bera), egungo arrangura nagusia ez dela hedapen proiektua, orain arteko jarduerari eustea baizik.

Baionako ekoizpenaren gehiengoa Galiziara bideratzen zen

2007an, Añon Galiziako taldea erosi zuelarik, CELSA-Franceko altzairuzko totxoen ekoizpenaren gehiengoa (urtean milioi bat tona inguru) Coruñan duen laminatze plantara bideratzen zen.

Estatu espainolean eraikuntzako sektorea jasaten ari den krisiak, ordea, izugarrizko eragina izan du CELSA-Franceren produkzioan. 2008an, Baionako portuan dagoen enpresak etekinak lortu zituen, baina iaz 8 milioi euroko defizita izan omen du. A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo