GARA > Idatzia > Ekonomia

Herritarrek ordaindu beharko dute Guggenheim berriaren kostu handia

«Busturialdean Lan eta Bizi» ekimenak Bilboko Guggenheim fundazioak Sukarrietan eraiki nahi duen frankizia berriaren sostengu ekonomiko nagusia diru publikoa izango litzatekeela adierazi du, eta eskualderako inbertsio produktibo eta sozialak nahi dituztela aldarrikatu du.

GARA |

«Busturialdean Lan eta Bizi» ekimenak Bilboko Guggenheim fundazioak Urdaibain, Sukarrietan zehazki, museoaren frankizia berria sortzeko iragarri duen plan estrategikoa «ezkutuko akordioetan» oinarritzen dela salatu, eta galdetu du zergatik pairatu behar dituen Urdaibaik «batzuen gestio interesatu, ilun eta espekulatzaileen» ondorioak.

Izan ere, Sukarrietan Guggenheim museo berria sortuko balute, frankiziaren sostengu ekonomikoa diru publikoa izango litzatekeela argitu dute. Hala, lehenengo obrak egiteko 133 milioi euro beharko direla aurreikusi dute, eta urteroko gastuak ordaintzeko 6.772.325 euro beharko direla azaldu du ekimenak. Bisitarien ekarpena 1.000.000 eurokoa izango da, gastu osoaren %15, eta babesleena %22koa. Beraz, eta bi ekarpen horiekin gastuaren %37 beteko denez, gelditzen diren beste 4.266.565 euroak nork ordainduko dituen galdetu dute, baita erantzun ere: «Txostenek esaten duten bezala, subentzio publikoetatik etorriko da, hau da, herritarron dirutik ordaindu beharko dugu, berriro ere».

Era berean, museoa eraiki nahi duten eremuan dagoen egoitzak duen garrantzia azpimarratu du «Busturialdean Lan eta Bizi» ekimenak. Izan ere, urtero 12.000 hiritar baino gehiagok erabiltzen dituzten lau zerbitzu publiko eskaintzen dira bertan, eta 47 lanpostu sortzen ditu.

Horregatik guztiagatik, ez dutela inposiziorik nahi aldarrikatu dute ekimena osatzen duten taldeek. «Ezin dugu onartu geure diru publikoak espekulatzaileen poltsikoetara ihes egitea», adierazi dute, inbertsio produktibo eta sozialak nahi dituztela aldarrikatzearekin batera.

Zentzu honetan, Busturialdeak jada baduela bere garapen sozioekonomikorako plan estrategiko bat gogorarazi dute. Hain zuzen, Urdaibaiko Legearen agindupean, ekonomia eta gizarte eragileen parte-hartze zabalarekin adostu eta dekretuz onartu zena. Azaldu dutenez, 12 urte dira plana onartu zenetik eta berau garatzeko garaia badela aldarrikatu dute.

EHNE, LAB, ELA sindikatuek Gernikako Ekologia Tailerrak, Busturialdeko ezker abertzaleak, Erlezainen Elkarteak eta Zain Dezagun Urdaibai taldeak osatzen dute ekimena. Eskualdeko garapen sozioekonomikoaren gaineko hausnarketa lasai eta parte-hartzailea egin dadila defendatzen dute, eta hori bultzatzeko lanean jarraituko dutela adierazi dute. Ildo horretatik, pasa den astean gutun bana igorri zioten Patxi Lopez lehendakariari eta Bizkaiko Aldundiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaori.

6.772.325 euro

Sukarrietan eraiki nahi duten Guggenheim museoaren urteko gastuak ordaintzeko 6.772.325 euro beharko lirateke. Erabiltzaileen ekarpena milioi bat eurokoa izango litzateke, gastu osoaren %15, eta babesleek %22ko ekarpena egingo lukete.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo