KRONIKA GazteHerria Durangon
Etorkizuna independentziaren eskutik eraikitzeko bat egin dute milaka gaztek
Euskal herria ezkerretik eraikiz, independentziaraino eramateko indarra eta grina soberan duen gazteria badela erakutsi zuen herenegun Durangon ospatu zen GaztEHerria ekimenak. Hala, milaka izan ziren, ezarritako oztopoen gainetik, euskal lurralde guztietatik eta atzerritik bertaratu ziren gazteak, aldarrikapen nagusi baten jiran: independentzia.
Gari MUJIKA
Azken urteotan Bidasoa ibaiaren bi aldeetan Estatu espainolak eta frantsesak euskal gazteria errebeldearen aurka bideratu dituzten ekinaldi errepresiboek independentziaren aldeko belaunaldi berriak ereitea eragotzi nahi izan badute ere, gazteria independentistaren giharra sendoa eta errotua dela erakutsi zuten milaka euskal gaztek herenegun, Durangon.
Aberri Egunaren bueltan gazteria independentistak azken urte luzeotan antolatu dituen ekimen jendetsuak, errepresio eta erasoez gaindi, bere horretan mantentzen dira. Baita, nola ez, halakoetan ohikoegi bilakatu diren oztopo inposatuak ere.
Bruselako manifestazioa
Izan ere, ostirala horrela hasi baitzen GaztEHerria gorpuztu nahi zuten gazteentzat. Durangorako bide guztiak guardia zibilen eta polizia espainolen errepide kontrolez josita baitzeuden. Baina betiko lez, ez ziren inolaz ere oztopo izan milaka euskal gazte bertaratzeko, nahiz eta egun osoan horiek mantendu, baita Durangoko erdigunean bertan ere: esaterako, Polizia espainola Euskotreneko geltokian ere egon baitzen, edota militar espainolen helikopteroa Durango behin eta berriz airetik zeharkatzen. Baina akaso, harridura eurena izango zen, kontrolak barra-barra izan arren, milaka zirelako Bizkaiko udalerrira etenik gabe bertaratzen segitzen zutenak.
Jai giroan hasi eta bukatu zen GaztEHerria. Goizeko lehen orduetarako jada nabaria zen jendearen joan-etorria, eta eguerdian, harrera ekitaldia egin ostean, elektro-txarangaren eskutik Durangoko kaleak girotzen hasi ziren. Nazioartetik iritsi ziren hamarka lagunek gazte ekimenaren egitaraua goitik behera bete zuten euren herrietako bandera edota elastikoak soinean zeramatzatela.
Horiek, nazioarteko hamarka herri eta nazioetatik iritsitako gazteek, hitzaldia eskaini zuten goizean, elkarlanerako deia nabarmenduz. Hala, arratsaldeko ekitaldian azpimarratu zuten gisan, datorren maiatzaren 29an, Bruselan nazioarteko 50 gazte eragilek euskal gazteria independentistaren eskubideen defentsan deitu duten manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten. Euskal gazteria ere bertan izango dela adierazi zuten.
Durangoko hainbat gunetan barreiatu zuten goizean GaztEHerriko egitaraua. Esaterako, nazioarteko ordezkariek hitzaldia eskaintzen zuten bitartean, sabel-dantza ikastaroan parte hartzen makina bat lagun aritu ziren, eurei so zeudenak, aldiz, ehunka ziren bitartean. Gazte nafarrek osatu zuten elektro-txarangak, bitartean, Alde Zaharreko kaleak girotzen segitu zuen, bazkaltzeko ordua iritsi zen arte. Bera arduratu zen, musikaren poderioz, ehunka gazte Eskola Gunera eramateaz.
Bertan, paella erraldoia egina zegoen 14.30erako. Eta bazkaldu bitartean, hip hop doinuak izan ziren nagusi, euskal raperoen eskutik. Halere, txalo gehiago jaso zituen break-dance erakustaldia egin zuen Legazpiko hamabi bat urteko mutikoak.
Bazkaldu ostean, kalejiran abiatu ziren Landako gunerantz. Bertan egin zuten ekitaldi nagusia, 17.00ak pasatxo zirela. Bideoak, irudiak, musika eta antzerkia nahastu zituen ekitaldian Euskal Herria independentziaz eta independentzian eraikitzearen beharra nabarmendu zuten, baita Euskal Herri aske bat izan arte eguneroko lanean temati jarraitzeko determinazioa ere.
Milaka lagun elkartu baziren ordurako, jarraian eta gau osoan zehar izan ziren musika kontzertu itzelek are eta jende gehiago erakarri zuten. Guztiak ala guzti, euskal gazteria independentista direla erakutsiz.