Egun bat lehenago, Aralar eta ABk atzo ospatu zuten Aberri Eguna, Urruñan
GARA |
400 pertsona inguru hurbildu ziren atzo Urruñara Aralar eta Abertzaleen Batasunak arratsaldeko seietarako deituta zuten Aberri Eguna ospatzera. Alderdi gehienek gaur ospatuko duten arren, egutegian egun bat aurreratu zuten, «denek batera egiteko baldintzak» ez direla izan argudiatuta.
Ekitaldira bi alderdiotako ordezkariak joan ziren. Hala, Aralarretik Patxi Zabaleta, Aintzane Ezenarro, Iñaki Irazabalbeitia edota Iñaki Aldekoa joan ziren. ABtik berriz, Felipe Aramendi edota Andde Sainte-Marie izan ziren bertan.
Beste alderdi batzuek ere bidali zuten ordezkaririk: EAko Maiorga Ramirez eta Haritza Camblong Urruñan izan ziren; Jon Albisu eta Jon Lasa ere bai, Alternatibatik; eta Kataluniako ERC alderditik, Marta Rovira.
Iratzarri, Aralarreko gazteak biltzen dituen taldea, Leire Martinezek ordezkatu zuen.
Bertan elkartu ziren guztiek baieztatu zuten elkarrizketarako eta elkarlanerako jarrera irekia dutela.
Agerraldian azaldutako edukia, hiru hizkuntzatan irakurri zuten. Aralarreko koordinatzaile nagusiak, Patxi Zabaletak, azaldu zuen Euskal Herriak akordio politikoa behar duela, hain zuzen, euskal herritarron artean lortu eta eraiki beharrekoa.
Halaber, Zabaletak hizpide izan zuen orain egun gutxi nazioarteko eragileek argitaratutako Adierazpena. «Euskaldunok harro gaude eta ekarpen garrantzitsu hori goraipatzeaz eta eskertzeaz gain, bete eta betearazi ere egin behar dugu», gaineratu zuen.
Andde Saint-Mariek, Abertzaleen Batasunako ordezkariak, ere hartu zuen hitza agerraldian. Haren aburuz, «autodeterminazioan datza gakoa, estrategia politiko-militarra baztertuz».
Era berean, ekitaldian txalo zaparrada eragin zuten jarraian egin zituen hitzek. Izan ere, «euskal preso politikoak gogoan ditugula» goraipatu zuen, eta ildo horretatik azpimarratu zuen «ez ditugula espetxeetan usteltzen utziko».
«Asko eman duzue -gaineratu zuen-, gehiegi agian. Orain nahiko da». Amaitzeko, honakoa erantsi zuen: «Indar bizi bezala behar ditugu presoak etxean eta herrian».
Iratzarriren ordezkari Martinezek gazteen konpromisoa aipatu zuen. Haren aburuz, «gure etorkizuna bide demokratikoetan eraikitzea da».
Ekitaldiaren hasieran Aitor Mendiluze bertsolaria, txalapartariak eta musikariak izan ziren.
Irakurketaren ostean, erromeria ospatu, eta afariarekin amaitu zuten jaialdia.
Aberri Eguna beraz, atzo ospatu zuten arren, azkenean Aralarrek erabaki du gaur Hendaia eta Irun bitartean independentistak bilduko dituen jai jendetsura bidaliko duela ordezkaririk.