GARA > Idatzia > Kirolak> Osasuna

Bi hilabete etxetik kanpo punturik lortu gabe

Monreal ere laguntzeko prest

Almeriaren aurka garaipena lortu ostean, Osasunak beste pauso bat eman nahi du 40 puntuen marra albait arinen zeharkatzeko.

p044_f01_188x100.jpg

 

GARA | IRUÑEA

Osasunak tinko eutsi nahi dio gero eta hurbilago daukan helburuari. Almeriaren aurka garaipena lortzeak berebiziko onura eragin zuen gorritxoen aldartean, eta salbazioa bermatzen duen puntu kopurura heltzeko azken-aurreko pausoa eman nahi dute gaur Valentziaren aurkakoan.

Gainera, azkenaldian izan diren baja guztien artean -hamaikakoa osatzeko hamaika buruhauste izan du Camachok-, berri on batek argitu du nafarren arazoetako bat. Izan ere, azken egunetan -edo orduetan- izandako hobekuntza dela medio, badirudi Monreal jokatzeko moduan egongo dela. Are gehiago, atzoko prentsaurrekoan entzundakoarekin, hamaikakoan sartzeko aukera asko izango dituen susmoa dago. Hortaz, badirudi ezker hegaleko atzeko postuan ez dela aldaketa handirik izango nafarren artean.

Sinestezina badirudi ere, hamar jardunaldi egin behar ditugu atzera, Osasunak etxetik kanpo lortutako azken garaipena topatzeko. Urtarrileko azken asteburuan 0-2 irabazi zion Villarreali, eta orduz geroztik ez du puntu bakar bat ere lortu Sadarretik kanpora.

Valentzia ere bajaz beteta

Camachoren helburu nagusia Mestallatik punturen bat ateratzea bada ere, ez dira gutxi, Valentziaren atzealdeko arazo handiak ikusita, Ciezakoari jarrera erasokorrago bat eskatzen diotenak. Unai Emeryk esku-eskura daukan sailkapeneko hirugarren postuan finkatu nahi du bere taldea. Turiako taldeak, ordea, Alexis, David Navarro, Mathieu, Miguel eta Marchenaren bajak ditu bere gain, eta defentsa lerro berritu bat ezarri beharko du entrenatzaile hondarribiarrak.

Atzeko lerroetan dituen arazoak alde batera utzita, Valentziako taldean berri on batzuk ere agertu dira. Hala, erasoko postuetara begira, aipagarria da Ever Banega eta Alejandro Dominguez berreskuratu dituela Emeryk, eta biak ala biak etengabeko mehatxua izango direla gorritxoen defentsarentzat. Atzean finen dabilen taldeak eramango ditu puntu desiratuak etxera.

valentzia-OSASUNA
Kolpe bat baino ez

Kazetariek laster galdetu zioten Camachori Monreali buruz: «Denboraldiko garai hauetan kolpe batetik errekuperatzeko egun gehiago igaro behar izaten dira, baina bagenekien hasieratik ez zela larria, eta jokatzeko moduan izango da», esan zuen Ciezakoak.

Camacho: «Ezin dugu pentsatu baloiarekin ate barruraino sartu behar dugula»

Lehen aukera izaterako atera jaurti behar dela baloia. Horixe izan zen atzoko prentsaurrekoan Jose Antonio Camachok nabarmendu zuen esaldia. «Ezin dugu pentsatu jokaldi batean baloiarekin ate barruraino sartu behar dugula. Lehen aukera izatean, atera jaurti behar da baloia», laburbildu zituen bere asmoak Ciezakoak.

«Erritmo biziz jokatu behar dugu, lerroak ondo itxiz. Era honetako talde handien aurka aukerak beti agertzen dira. Orduan, ahalik eta ondoen baliatu behar dira aukerok», esan zuen gorritxoen prestatzaileak. «Monreal taldean sartzea ere ona da. Hasieratik jakin genuen kolpe bat baino ez zuela izan, eta jokatzeko moduan izango da», gaineratu zuen.

Berak taldean jarraituko ote duen galderari argi erantzun zion: «Unea heltzen denean hitz egingo dugu». GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo