GARA > Idatzia > Kirolak> Bilbao Basket

Lagun Aroren garaipena, aire fresko eta garbia

A. G.

Lagun Aro Gipuzkoa Basketek ezin du partidarik pasatzen utzi. Joan den asteburuan Kanaria Handiaren etxean maila oso eskasa eman ostean, Joventut arriskutsua izango du aurrean gaur eguerdian.

Badalonako taldeak Play Offetan parte hartzeko lehian dihardu, baina ezin dio horri begiratu talde donostiarrak. Garaipenak arnasa hartzeak adinako balioa du Pablo Lasorenentzat. Bide batez, Xacobeok eta Alacantek ikusi behar dute gipuzkoarrek betetzen dutela mailari eusteko egin beharreko lana.

Aurreneko itzulian oso gutxi falta izan zitzaien donostiarrei Joventuten aurrean irabazteko, 97-95 nagusitu ziren kataluniarrak, Tuckerren 36 puntuei esker. Eskolta estatubatuarrari buruz, «Joventutentzat oso garrantzitsua» dela onartu zuen Lasok. «Puntu asko sar ditzake, baina ez da kataluniarren mehatxu bakarra; hor dago Tripkovic, esaterako».

Defentsa

Joventuti aurre egiteko talde osoa prest du Lasok, nahiz eta Barbourrek asteon arazoak izan belaunean. Denak beharko ditu talde donostiarrak, batez ere kataluniarren kalitatea geldiarazteko.

«Jaurtitzaile apartak dira eta zaila da jakiten zeinek izango duen egunik onena. Bada, horren aurka defentsa maila ona izan beharko dugu. Kanaria Handiaren aurkako partida ahaztu eta etxeko maila onera itzuli behar dugu», adierazi zuen Lasok.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo