Ikuskizuna eman du Biarritzek Aguileran, eta hiru puntura dauka seigarren postua
GARA | BAIONA
Emaitza oso desberdinak bildu zituzten Top 14 Ligan dabiltzan bi euskal taldeek. Biarritzek 42-13 menderatu zuen etxean Montauban eta final-laurdenak jokatzeko txartela ematen duen seigarren posturako borrokan bizirik segitzen du. Avironek, aldiz, 31-13 galdu zuen Toulon indartsuaren zelaian eta mailari eusteko borroka horretan atzerapauso bat eman du.
Zuri-gorriekin hasita, Biarritzek urteko partidarik erosoenetako bat jokatu zuen Aguileran. Lapurtarrek sei entsegu lortu zituzten -Ngwenyak 2, Traille, Hunt, Faure eta Peyrelongue- eta lehen zatiaren amaieran 35 eta 3 irabazten ari zen jada. Aipagarria, bide batez, Yachviliren itzulerak taldeari eman dion aire berria. Atzo, adibidez, entsegu guztiak berak osatu zituen ostikoz. Sailkapenean, 57 puntu ditu orain Olympiquek, seigarren postuan dagoen Racingek baino hiru gutxiago, eta hemendik bi astera elkarren aurka jokatuko dute Parisen.
Avironek, bestalde, oso garesti ordaindu zituen lehen minutuetan jasotako puntuak, 23. minuturako Toulon 19-3 agintzen ari baitzen markagailuan. Baionako taldeak ez zuen partida galdutzat eman eta zertxobait estutu zuen emaitza Haareren entseguari esker (26-11), baina garaipenetik oso urrun ibili zen partida osoan. Porrotaren ondorioz, Baionako taldeak azken-aurreko postuan segituko du sailkapenari dagokionez, 43 punturekin, nahiz eta aurretik duen taldeak ere, Bourgoinek, galdu egin zuen Briveren zelaian. Brive da, hain zuzen ere, Avironen hurrengo aurkaria.