Binakako finalaren ingurukoak
Ezker pareta Ipar Euskal Herrian, finalistez harago
Xala eta Gonzalezen lanak eragin positiboa izango du oraindik zailtasun handiak dituen modalitatean.
Asier AIESTARAN-Jon ORMAZABAL
Xala eta Gonzalez, bi lapurtar gaurko finalean ikusita, Ipar Euskal Herrian pilotaren osasuna sekula baino hobea dela esan daiteke. Ukaezina da hortaz, Panpi Ladutxek zabaldutako bideak fruituak eman dituela, baina zein da benetan pilotaren osasuna Lapurdi, Behe Nafarro eta Zuberoan? Lekuinekoak eta Azkainekoak izango al dute erreleborik gorengo mailan?
Gaurko bi protagonistak bat datoz, Ipar Euskal Herrian pilotaria izatea ez dela «erraza» nabarmentzean. Pilotariaren bakardadeaz mintzo dira, gaztetxoek hamabost urte bete ostean ez baitaukate ezker paretan lehiatzeko modurik. Gauzak horrela, etorkizunean pilotari izan nahi duten batzuek Bidasoaz bestaldera joan behar izaten dute ikasten jarraitzeko -Alberdi, Etcheverry, Bixintxo Bilbao eta Gognik esaterako, Berako Gure Txokoan jokatzen dute- eta beste zenbaitzuek errugbiaren aldeko apustua egiten dute, adin horretan taldeak gaztetxoengan izaten duen eraginak bultzatuta.
Irakurketa askoz baikorragoa egiten du etorkizunaz, trinketeko txapeldun handia izandako eta kirol hau gertu-gertutik jarraitzen duen Jean Batiste Garatek. «Gure eskualdean trinketak du tradizio handiena, baina ezker paretako jokoak ere baditu bere azpiegiturak. Ipar Euskal Herrian badira 50 bat ezker hormako pilotaleku. Denak ez dira goi-mailako partidak jokatu ahal izateko modukoak, baina esan nahi dut ezker hormako jokoa ez dela hain arrotza inguruotan. Joko molde hori lantzen duten pilota elkarteak ere badira. Txapelketetan parte hartzen dutenak ez dira gehiegi, dozena bat agian, baina alde horretatik ere landu izan den moldea da», azaldu zion GARAri.
Telebistaren eragina
Bide honetan, Xala eta Gonzalez lortzen ari direnak oso eragin handia omen du gazteak pilotara zaletzeko, are gehiago komunikabideetan duten oihartzunarekin. «ETBk eskaintzen dituen pilota partidek arrakasta handia dute Ipar Euskal Herrian, bai herri txikietan, bai hirietan. Hori ere oso garrantzitsua da gazteen artean pilotan jarraitzeko motibazioa pizteko, eredu bat ikusten dutelako. Deigarria da, bestalde, pilota eskoletan gertatzen dena, umeek telebistan ikusten dituzten zenbait postura, esaterako, entrenatu gabe ere irteten zaizkielako, ikusiak eta barneratuak dituztelako».
Ematen du, gainera, trinketa eta ezker pareta osagarriak direla erabat, izan ere, bi lapurtarrez gain, Martinez de Irujo bera ere trinketean hasia delako. Honen inguruan galdetuta, Garatek hausnarketa interesgarri bat egiten du: pilotarien prestakuntza. «Entrenamenduak eta lehiaketak beharrezkoak dira noski, baina gaztetxoekin lan egiten den bezala, goi-mailako pilotariek ere beharko lukete nolabaiteko laguntza, posturak, pilota jotzeko moduak eta abar hobetzen eta moldatzen joateko. Hor bada oraindik egin beharreko lan bat. Azken urteotan Hego Euskal Herrian lortu dute pilotarien prestaketa fisikoan aurrerapen handiak egitea eta lehentasuna bilakatzea; Ipar Euskal Herrian, ordea, lortu ez duguna. Baina behin hori lortuta, hurrengo pausoa goi-mailako prestakuntza izan behar da. Eskubaloian, tenisean, golfean... gero eta gehiago lantzen den kontua da».
Binakako txapelketa gertutik jarraitu duela jakinda, ezin bukatu gaurko finalerako pronostiko bat eskatu gabe. «Aurten Labriten izan naiz, Eibarren ere bai, Logroñon... Eta Adarragako azken partida horretan ikusi nuenak, Laskurainen jokoak, bereziki harrituta utzi ninduen. Zer maila, zer osotasun, zer motibazio, zer konfiantza, zer nortasun lortu duen pilotari gisara. Gasteizko pilotalekua oso gogorra da bai teknikoki, bai fisikoki, frontisa besteek baino beherago du, eta pentsatzen dut Gonzalezek eta Laskurainek irabazi dezaketela, faborito ez diren arren. Xalaren alde, bestetik, esperientzia egon daiteke, Binakako Txapelketa lehen ere bi aldiz irabazia duelako. Eta gainera Zubietak indar berezia ematen dio Xalari, behar duen bizitasun eta ernetasun hori ematen diolako», azaldu zuen.
Hamabost urtetik aurrera, gaztetxoek ez daukate lehiatzeko aukerarik. Batzuek Bidasoaz hegoaldera joan behar izaten dute ikasten jarraitzeko.
Panpi Ladutxek binakako bi txapel jantzi zituen, 1987an eta 1989an, biak ere Josean Tolosarekin. Xalak ere bi aldiz irabazi du lehiaketa hau, 2002an Oscar Lasarekin eta 2007an Martinez de Eulaterekin. Gonzalezek azken Lau eta Erdikoa irabazi zuen.