Xanti Begiristain Madotz Iruñea
Arantzadiko parkea
Arantzadiko parkean ibili naizen aldietan, harrituta gelditu izan naiz Iruñeak hor duen altxorra ikustean; izan ere, hara joanda, bat-batean ematen du hiritik kanpo zaudela, alegia, landa lurretan zabiltzala. Niri neroni iruditu zait dagoen bezala ez dagoela batere gaizki eta, are gutxiago, orain arte bezala nekazari eta baratzezainen batzuek beren barazkiak eta abar ekoizten jarraituko balute. Uste dut hori hiriarentzat maila handiko luxua dela.
Bestalde, onartzen dut dena, edo gehiena behintzat, aldatu eta eraldatu egiten dela planeta honetan, eta aurrerakuntzari ere bere bidea eman behar zaiola. Hala eta guztiz ere, tratatzen ari naizen gai jakin honetan, hau da, Arantzadiko parkean, uste dut zenbat eta gutxiago ukitu, eraldatu eta suntsitu, orduan eta hobeki garapen iraunkorrerako, eta, ondorioz, baita iruindar guztientzat ere.
Badakit proiektu hori onartzeko nazioarteko ideia-lehiaketa bat egin dela, eta azkenean utziko UAGNen fundazio baten (Fundagro) esku utziko dela Arantzadiko parkearen kudeaketa, eta baita baratzezaintzaren inguruko zentro baten eraikuntza ere. Beste alde batetik, badakit gutxitu psikiko talde batek, Udaleko eskola-lantegiak eta Landare taldeak ere parte hartzen dutela proiektu horretan. Baina, halere, normala den bezala, proiektua eskuetan eduki eta ongi aztertu gabe, ez da erraza xehetasun guztiak jakitea.
Bada proiektu hori interesgarria izan daitekeela esaten duen jendea; parke horretan denentzat dagoela lekua eta, batez ere, delako proiektuak bateragarria izan beharko lukeela. Horrela baldin bada, oso ongi. Baina, dena den, zehaztasun gehiagorik izan gabe, niri gelditzen zaidan zalantza da aipaturiko fundazioak zein punturaino eginen duen kudeaketa publikoa. Beraz, eta bukatze aldera, nik honakoa errebindikatu nahi dut: batetik, kudeaketa publiko, garden eta garbia, egin dadila eta, bestetik, orain arte hor ezagutu dugun Iruñeko izadi zati zoragarri hori ahalik eta gutxien honda dadila. Ea horrela den!