GARA > Idatzia > Euskal Herria

Birziklatzen duten herritarrei zaborren zerga jaisteko eskatu du Eguzkik

Eguzkik Donostiako Udalak ezarritako zaborren tasak herritarrak ez dituela birziklatzera bultzatzen salatu du; beraz, hondakinak gutxituko badira, zaborrak sailkatzen dituztenei zergak jaisteko eskatu dute.

p016_f0125601.jpg

GARA | DONOSTIA

Eguzki talde ekologistak Donostiako bizilagunen inguruan egindako ikerketa bat aurkeztu zuen atzo Gipuzkoako hiriburuan bertan. Hain zuzen ere, familiek etxeetan zenbat zabor sortzen duten eta zenbateraino birziklatzen duten aztertu dute. Txostena eskuetan, Donostiako Udalari birziklatzen duten familiei zabor bilketa tasa jaisteko eskatu zioten.

«Etxeetako zaborren sortzea eta birziklatzea. Egungo tasek laguntzen al dute arazoa konpontzen?» izenburuko ikerketa osatzeko hilabetez Donostiako 19 familiak etxean pilatzen dituzten hondakin frakzioak neurtu dituzte. Horren ondotik, emaitza horiek Udalak ematen dituen Donostiako birziklatze portzentajeekin eta Usurbilen atez ateko zabor bilketarekin lortzen direnekin alderatu dituzte.

Eguzkiko kide Juan Mari Beldarrainek azaldu zuzenez, materia organikoa birziklatzen duten etxeetan, bai atez atekoarekin, autokonpostajearekin edo bosgarren edukiontziarekin, «etxean pilatzen diren hondakinen %90 baino gehiago birziklatzen dute eta zabortegietara 33 kilo zabor baino gutxiago bideratzen dute urtean». Ohiko zabor bilketarekin berriz, papera, beira eta ontzi arinak bereizten dituenarekin, «familia bakoitzak 143 eta 414 kilo zabor botatzen ditu urtean zabortegira; eta soilik %56 inguru birziklatzen da».

Bestalde, Beldarrainek azaldu zuenez, aztertu duten lagin horretatik bi familiak ez dute batere hondakinik birziklatu, «eta bitxia bada ere, biak Alde Zaharreko bizilagunak dira». «Familia hauek dira zabortegira zabor kilo gehien bidaltzen dutenak, baina 113 euro ordaintzen dituzte urtean, birziklatzen dutenek bezala», azaldu zuen.

Eguzkiko kidearen aburuz, birziklatzen «esfortzua» egiten dutenek «ez dute inolako onespenik jasotzen», are gehiago, «Donostiako Udalak ezarritako zabor tasetan ez da hondakinak behar bezala bereizita ateratzen dituztenei saririk ematea aurreikusten».

Gauzak horrela, «tarifa finkoak ez ditu bizilagunak gaikako bilketara bultzatzen», Beldarrainen ustez, eta, gainera, «horrela ez da `kutsatzen duenak ordain dezala' printzipioa betetzen». Beldarrainek atez ateko gaikako zabor bilketa, autokonpostajea zein bost edukiontzien sistema «teknikoki eraginkortasunean pareko» direla esan zuen, baina lehenbiziko sistemak «materia organikoen %100 birziklatzen du eta beste bi alternatibek soilik %15 eta %20 artean, borondatezkoa delako». Beraz, hondakinak gutxitzea nahi bada, tasak jaistea beharrezkoa dela aldarrikatu zuten.

19 familia aztergai

Eguzkik Donostiako 19 familiatan zaborrari zein irtenbide ematen dioten aztertu du hilabetez. Antzeman dutenez, organikoa bereizten duten etxeetan, zaborren %90 baino gehiago birziklatzen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo