Etxeratek aurrez aurreko bisitak egiteko baldintza duinak exijitu ditu
EPPK-k ohartarazi bezala, espetxe espainol gehienetan euskal presoen senideak haztatuz miatzeko agindua bertan behera gelditu den arren, hainbat espetxe zuzendarik «miaketa umiliagarriak» mantentzen dituztela salatu du Etxeratek. Aurrez aurreko bisitak baldintza duinetan egin ahal izatea exijitzeaz gain, senideen kontrako zigor «eskandalagarriak» amai daitezen galdegin du, eta hori lortu arte salaketa dinamikari eutsiko diotela berretsi du erakundeak.
Oihana LLORENTE
Aurrez aurreko bisitetara sartu ahal izateko euskal presoen senideak oraindik ere «miaketa iraingarriak» jasatera behartuak direla ohartarazi zuen Etxeratek, atzo Donostian eskainitako agerraldian.
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak kaleratutako azken agiriak senideak miatzeko agindua hainbat espetxetan bertan behera utzi dutela ohartarazten zuen. Asteburu honetan, ordea, espetxe batzuetako zuzendariek miaketak ekiditeko asmorik ez dutela egiaztatu dute senideek eta, ondorioz, aurrez aurreko bisitarik izan gabe jarraitzen dute hainbat euskal presok.
Vis a vis-ak baldintza duinetan egin ahal izatea exijitu zuten atzo Etxerateko kide Josune Dorronsorok eta Periko Estonbak, eta egoeraren gaineko jarraipen zorrotza egiten segituko dutela adierazi zuten, bai eta gertatzen diren eskubide urraketak salatzen ere.
Azken sei hilabeteetan senideek jasan duten egoerari «onartezina» deritzo Etxeratek. Urrian jarri zituzten indarrean vis a vis-en aurretiko miaketak eta haztatzeak; euskal preso politikoen senide gehienek, ordea, uko egin diote miatuak izateari eta, hortaz, asko dira urte erdiz aurrez aurreko bisitarik izan ez duten presoak.
Errepidea, errusiar erruleta
Miaketak jasatera behartzeaz gainera, kartzelariek senide ugari zigortu eta inolako bisitarik gabe utzi dituzte hilabete luzeetan. Zigor horiek «eskandalagarriak» iruditzeaz gainera, «indarrean dagoen espetxe politika kriminalaren arduradunen jarreraren eta moralaren adierazgarri» direla ere esan du Etxeratek.
Senideen kontrako zigor hauek behin betiko amai daitezen galdegin zuten agerraldian, eta horrela gerta dadin, «interpelazio eta salaketa dinamika behar den leku guztietara» eramango dutela nabarmendu zuten atzo Donostian.
Milaka dira astebururo preso dituzten lagun edo senideekin kristalaz banaturik eta telefono bidez berrogei minutuz egon ahal izateko bidaia luzeak egiten dituzten euskal herritarrak, eta Etxeratek ohartarazi duen moduan, gizon eta emakume horiek guztiek «kilometro eta bihurgune bakoitzean euren bizitza jartzen dute jokoan».
Dispertsioak «hil egiten» duela salatu zuten atzo beste behin ere eta, horren erakusgarri, azken hamar egunetan euskal presoen senide eta lagunek izandako bi auto istripuak ekarri zituzten gogora. Manex Castro billabonatar gaztearen lagunek izan zuten lehena Valentziako kartzelara zihoazela. Joan den larunbatean, berriz, Igor Gonzalezen lagunek izan zuten ezbeharra.
Bidaiariek kalte fisikorik izan ez zuten arren, bi autoak «erabat txikituta» geratu zirela eman zuen aditzera prentsaurrekoan zen Manex Castroren lagun Ainhoa Esnaolak.
Kolektiboa osatzen duten 743 euskal presoak bisitatzera joaten direnak milaka herritar direla nabarmendu nahi izan zuten; «izen-abizenak, lanbidea eta jardunbideak dituztenak. Euskal jendartearen bihotza osatzen duten milaka eta milaka pertsona dira», nabarmendu zuen Dorronsorok. Eta horregatik «euskal preso politikoen aurka jotzeak euskal jendartearen aurka aritzea» dela ondorioztatu du Etxeratek.
Horixe da dispertsio politikak indarrean jarri zutenetik eman duen emaitza. Hamasei dira kartzelara bidean errepidean hil diren senide edo lagunak.
Sergio Polo euskal preso sopelarra ospitaletik Curtiseko espetxera zeramatenean guardia zibilek jipoitu egin zutela salatu du amnistiaren aldeko mugimenduak. Ostegunean eraman zuten Polo erietxera eta bertan proba bat egin ondoren, esku-burdinekin lotu eta furgoira igotzerakoan guardia zibil bat kolpeka hasi zitzaiola eman du aditzera erakundeak. Ostikadak eta ukabilkadak emateaz gainera, borra luzagarri bat atera eta lurrera bota arte jo zutela salatu du errepresioaren kontrako mugimenduak. Lurrean zegoela guardia zibil gehiago gerturatu eta Polo jipoitzen jarraitu zuten. Kartzelan bertan ere bigarren jipoi bat jaso zuen sopelarrak. Espetxeko medikuak azterketa egin ondoren mediku txosten mamitsua osatu du eta salaketa jarriko du orain Polok. GARA