Bankuen jarduera ilunak legeak egiten dituztenen jarrera bezain lotsagarriak
Bankuen jarduera arriskutsuek aspaldi luzeko krisialdi ekonomikorik handiena eragin zuten. Munduko gobernuek orduan laguntza ikaragarriak eman zizkieten banku horiei sistema ekonomikoak hondoa jo ez zezan, eta finantza munduaren kontrol handiagoa agindu zuten. Hala ere, bankuek, berandu gabe, nork nor kontrolatzen duen erakutsi dute berriro ere. Eskandalagarria izan da atzo «The Wall Street Journal» kazetak argitaratu zuen informazioa, alegia, AEBetako banku nagusiek beren arrisku maila ezkutatu zietela herritarrei, beren zorrak desitxuratuz. Eskandalagarria, baina ez legez kanpokoa, Krisialdia eragin zuten jarduerak bezala. Lotsagarria da konpainia horien jokaera, baina haien harrapari ikuspuntutik guztiz ulergarria da funtzionamendu ilun hori, ez baitago zigor lezakeen legerik. Hortaz, finantzetan oinarritutako ekonomia sistema duten herrialdeetako agintariak jarrera lotsagarri bera erakusten dute, ez baitute portaera «itsusi» horiek desagerrarazteko borondaterik. Bitartean, atzo bertan, AEBetako Erreserba Federalak krisia dela-eta egindako interbentziorik handienetako bat bukatu zuen, balioa galdutako hipoteka titulutan 1,25 milioi dolar bereganatu ondoren.