GARA > Idatzia > Kirolak> Errugbia

Heineken Kopa

Pariserako bidean Ospreys izango da lehenengo koska

Biarritz oso ongi moldatu ohi da Anoetan, eta lapurtarrak dira finalerdietan sartzeko faboritoak.

p036_f01.jpg

Jon LEUNDA

Denboraldiko unerik onenean helduko da Biarritzentzat Heineken Kopako final-laurdenetako partida. Lapurtarrek Ospreys talde galestarra hartuko dutegaur Anoetan 16.00etatik aurrera. Kanporaketa partida bakar batera jokatuko da, eta garaipena erdiesten duen taldeak lortuko du finalerdiak jokatzeko txartela.

Urte xelebrea izan da oso Biarritzentzat, partida txar asko jokatu baititu, eta gutxitan izan dira neurketa onak, Europan izan ezik. Lesioak ere ugari izan ditu talde zuri-gorriak, eta askotan garrantzitsuak ere bai. Orain denak osatuta, taldeak gorakada nabarmena izan du, eta denboraldiko unerik erabakigarrenean oso joko bolada onean dago. Horrek eta etxean jokatzeak, faborito bihurtzen du talde euskalduna gaurko partidarako.

Oso aurkari gogorra izango du aurrean, galestarrek atzean sekulako sendotasuna erakusten baitute, eta erasora jotzen dutenean min handia egiten dute. Biarritzek badaki hori eta Heandaian bilduta egon diren egun hauetan garbi utzi dute garrantzitsua izango dela presioa aurrelariekin hastea eta aurkariari baloia eskura jokatzeko aukerarik ez uztea.

Lehen fasean bigarren amaitu zuten hirugarren multzoan Ospreysko mutilek, jokatutako sei partidetatik lau irabazi, bat galdu eta bat berdinduta. Biarritz, berriz, lehen faseko talderik onena izan zen. Bigarren multzoan aritu zen, eta sei partidatik bost irabazi eta bat galdu zuen. Bere multzoan erabateko nagusitasuna erakutsi zuen, eta aurten zer nolako bolada hartu duen ikusita, lehiaketa irabazteko faboritoetako bat da.

Biarritzentzat partida garrantzitsua da gaurkoa, izan ere, garaipena erdietsiko balu, finalerdiak berriro ere etxean jokatuko lituzke, Anoetan, alegia, eta horixe da zuri-gorrien zuzendaritzak finkatutako aurtengo helburu nagusietako bat.

Onenak, prest

Biarritz indartsu dator, Ligako azkeneko bi partidak irabazita, eta Ligako final-laurdenetan sartzeko aukera askorekin. Horretan, jokalari garrantzitsuek zeresan handia izan dute. Yachvilik eta Harinordokik lesioak izan dituzte denboraldian zehar, baina erabat osatu ostean, bi jokalariak sasoi onean dira partida hau jokatzeko.

Gisa honetako norgehiagoketetan taldeek arrisku gutxi hartu ohi dituzte, galtzeko beldurra handia izaten baita, eta entseguak eskuratzeko aukera askorik ez da izaten. Garrantzitsua izaten da jaurtiketak aprobetxatzea, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da Dimitri Yachviliren lana.

Biarritzek gaur Anoetan zelairatuko duen hamabostekoa honako hau izango da: Balshw, Ngwenya, Traille, Bolakoro, Peyrelongue, Yachvili, Coetzee, August, Johnstone, Thion, Carrizza, Laurent, Harinordoki eta Faure. Aulkian, berriz, Terrain, Barcella, Hugues, Hall, Alexandre, Courrent, Mignardi eta Gobelet geratuko dira.

Ospreys taldean, berriz, jokalari hauek arituko dira: Byrne, Bowe, Bishop, Hook, Williams, Bigger, Philips, James, Denet, Adam Jones, A.W. Jones, Thomas, Collins, Holah eta Jones. Aulkian, berriz, Shervigton, Bevigton, Mitchell, Gough, Tiatia, Nuttrown, Parker eta Walker. Epaile lanetan, berriz, George Claney arituko da.

Elastiko bereziak atera dituzte kanporaketarako

Gaurko kanporaketarako, Biarritzek bere zaleentzako elastiko bereziak atera ditu eta dagoeneko asko saldu dira gainera. Beraz, zale zuri-gorri asko izango dira kamiseta soinean. Dena dela, partida hasi aitzin, Anoetako kanpoaldean ere izango dira salgai.

Anoetako harmailak betetzea espero dute

Gaur Biarritzek Anoetan jokatuko duen partidak ez du duela bi aste Tolosaren aurka jokatu zuenarekin zerikusirik izango. Orduan estadio erdia bete zen eta gaur dena betetzea espero dute. Goizetik sumatuko da giroa Donostian, biarriztar asko eguerdirako bertaratuko baitira .

«Sasoiko unerik onenean dator partida»

Biarritz taldeko entrenatzaile Jean Michel Gonzalez itxaropentsu dago gaurko partidari begira. Bere ustez, taldea sasoiko unerik onenean dago, eta gaur partida irabazteko ilusio handia dauka, eta ez hori bakarrik, aurten zerbait handia egitekoa ere bai.

Final-laurdenen atarian esan al daiteke hau dela zuen denboraldiko unerik gozoena?

Bai, bai, dudarik gabe. Taldean min hartutako jokalari asko izan ditugu denboraldian, eta une honetan denak osatuta daude, eta hori nabaritu dugu. Orain geratzen zaiguna da garrantzitsua, eta horretarako taldea oso une onean heltzea guretzat uste dut oso ona dela. Azken bi garaipenek ere indar handia eman digute.

Nola jokatu behar da galestarrak menderatzeko?

Oso ongi jokatu beharko dugu, izan ere, badakigu oso talde oso ona dutela. Gibelean oso indartsuak dira, eta zaila da gainditzea. Horretarako, garbi daukagu presioa aurrean egin behar dugula, eta ez zaiela baloiak eskura jokatzen utzi behar.

Faborito izateak presioa gehitu al dizue?

Beno, ez dakit faborito garen ala ez, baina garbi daukagu irabazi egin behar dugula. Hau gaindituta, finalerdia berriro ere etxean jokatuko dugu, eta finala, berriz, Parisen da. Uste dut aurten Heineken Kopan zerbait handia egiteko aukera handia dugula, eta ezin dugu alferrik galtzen utzi. Faborito izan ala ez, presio bera izango dugu. J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo