GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Irakaslea

Armategi nuklearren murrizketa distiratsua

Euskaldunok ez gara solidarioak. Geure zilborrari begira bizi gara. Euskaldunok antigoalekoak gara. Aitortzen dut. Horrenbestez, gaurkoan mundu osoaren intereseko kontu bat ekarriko dut txoko honetara. Ostegunean EFE berri-agentziak Obamak eta Medvedevek Pragan izenpetu zuten arma nuklearren erabilera mugatzeko akordioaren berri eman ez ezik, akordioaren arrakastaren gakoa azaldu ere egin zuen: «Pragako gazteluko Espainiako gelak distira eman zion Start-en zeremoniari».

Pragako gaztelu erdiko patioan St. Vitus katedrala dagoela zioen, eta hantxe gordeta koroaren bitxiak eta txekiarren patroi San Weszenlaoren erlikiak daudela.

Baina munduaren ikusmina benetan piztu zuena Obama eta Medvedev, haien ordezkaritzak eta gainerako gonbidatuak eta 650 kazetari (beste 400ek, tartean alabaren eskolako aldizkaritik bidali ninduten berriemaile honek, kanpoan gelditu behar izan zuten) bildu ziren gela izan zen. Gazteluak distirarik badu, gela hari esker du eta. Zein eta «Espainiako gela» aukeratu zuten zeremonia egiteko. Ulertzekoa, bestalde, espainiarra izateaz gainera, luxuzkoena baita. XVII. mendearen hasieran atondu omen zuten, Rodolfo II. bitxia-ren (xelebrea...?, arraroa...?, ergela...?) erregealdian. Elementu hura Austriako Mariaren seme eta errege espainiar Felipe II.aren iloba zen. «Osaba -esango zion eguzkia etzaten ez zen inperioaren jabeari-, gazteluko gelarik distiratsuena Espainiako Gela izendatu dut, ea berorrek ere keinu polit bat eginda Filipinetan edo Cancunen etxolatxo bat oparitzen didan...»

Eta hara harako gelak zer eragin onuragarria izan zuen Errusia eta AEBetako boss-engan. Obama Medvedeven eskuinetara eserita, akordioa izenpetu bitartean bien ukondoek ia elkar jotzen zuten (eneeee...!) eta irribarre egin omen zuten eta... ezin dut gehiago kontatu.

Edo bai. Behin akordioa izenpetuta, aurrerantzean, eta gauzak okertzen ez badira, bi herrialde horiek ezingo dituzte 1.500 ogiba nuklear baino gehiago jaurtitzeko prest izan. Bakoitzak, jakina. Askoz seguruago sentitzeko modukoa, ezta?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo