GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Mehatxuen bide ankerra

Ikasi egin dugu mehatxuen azpian bizitzen. Jakin badakigu borrokak bideak irekitzen dituela, lainoak uxatzen dituela, udaberriak ekartzeko ahalmena duela. Gure herriaren oroitzapen kolektiboan idatzi dute, odolez eta malkoz idatzi ere, eta ez dugu sekula ere ahantziko

Hamar urteko kartzela zigorra egitasmo politiko bat defendatzeagatik. Hauxe da espainiar erresumaren Fiskaltzak, hau da, diktaduraren ondorengoen estatuak, nire kontra eskatzen duena. Eta antzeko zigorrak ezarri nahi dizkiete beste lagun askori, hainbat auzitan egin duten moduan. Demokrazia deitzen diote honi, berriro ere adieraziz batzuen erreferente demokratikoa Francoren demokrazia organikoa dela.

2002koa da gure kontrako sumarioa (36/02); beraz, oraingoan berretsi duten mehatxua aspaldikoa da, tartean hainbat lagun kartzelan luze ibili direlarik. Nabarmena da badutela presioa areagotzeko asmoa, eta batzuek, disimulurik gabe, hurrengo udal eta foru hauteskundeekin lotu dute Fiskaltzaren eskaera. Beti ere ezker abertzaleak abiatu dituen ekimenen testuinguruan.

Badirudi ez dutela deus ere ikasi hondarreko 50 urteotan. Zinez uste dute ezker abertzalearen helburua hainbat poltrona lortzea dela? Duela 30 urte estatutuaren aldeko apustua egin zuten sektoreekin batera independentziaren aldeko Aberri Egun jendetsua egin dugularik, nola pentsa dezakete ezker abertzalea hauteskunde lehian itoko dela? Independentziaren hodeiertza begien aurrean dugula, nola murgildu epe laburreko miopian? Agian hori da afera, ez dutela deus ere ulertu, harrokeria polizialaren menpe daudelako, beren miopia politikoa larritzen ari delako, alegia.

Agerikoa da ez direla izan duten estrategiaren bilan sakonik egiteko gai. Izan ere, errepresioak independentistak ugaltzen ditu. Itxikeriak aldaketa desioa areagotzen du. Kriminalizazioak estatua bera ahultzen du, atxikimenduak biltzeko aukerak mugatzen dituelako. Noiz «seduzitu» du orain baino gutxiago espainiar Estatuak? Espainiar nazionalismoa bakarrik dago, bere gortolekuetan, ezkutatua. EAJ bera itotzen ari dira, PSOErekiko ituna ia erreguka bilatu badu ere.

Ez, kontua ez dira hurrengo hauteskundeak, independentziaren bidean gaudela baizik. Kontua ez da Alderdien Legea gogortzea, baizik eta neoliberalismoari aurre egiten dioten herrien zerrendako lehen postuetan gaudela euskaldunok, hemen, zorionez, langile mugimendua dugulako. Finean, gurea ez da telebista eta kontsumismoaren menpeko artalde-jendartea, bizirik eta hezurmamitutako herria baizik.

Eta errepresioak ezin du joera nagusia aldarazi. Egia esan, joera hori indartu eta errotu du. Salneurria ez da makala, alta. Zenbat lagun kartzelan, atzerrian, hilik? Zenbaten bizia moztu dute? Zenbat irri lapurtu digute? Zenbat muxu eta besarkada? Eginen dugu inoiz jaurtitako malkoen kontua? Zama ez da arina izan, ezta izanen ere. Ederki dakigu, ederki jakinaraziko digute.

Alferrik ari dira, berriz. Ikasi egin dugulako mehatxuen azpian bizitzen. Jakin badakigulako borrokak bideak irekitzen dituela, lainoak uxatzen dituela, udaberriak ekartzeko ahalmena duela. Gure herriaren oroitzapen kolektiboan idatzi dute, odolez eta malkoz idatzi ere, eta ez dugu sekula ere ahantziko. Ez dugu ahantziko 10, 200 edota 1.000 urteko kartzela zigorra eskatu arren.

Finean, gure herria isilarazteko saioak porrot egin du, eta errepresioak ikasgai argia eskaini digu: geure estatua behar dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo